Urdiaingo Aitziber elkarteak 50. urteurrena ospatuko du

Guaixe 2017ko urr. 6a, 14:35

Egun osoko ospakizunak antolatu dituzte bihar, larunbatean, Urdiainen.

Badirudi atzo izan zela, baina Urdiaingo Aitziber elkarteak 50 urte bete ditu. Zehazki, 1967ko maiatzaren 1ean sortu zen elkartea. Eta, elkartearekin batera eta elkarteari lotuta Urdiaingo igerilekuak jaio ziren, Urriztin; 1967ko agorrilaren 13an zabaldu ziren igerilekuak, Aitziber elkarteak kudeatuta. Beraz, esan daiteke Aitziber elkartearen eta igerilekuen historiak parean joan zirela. Hori kontatu zioten Guaixeri Aitziber elkarteko kide Arantza Floresek eta Maite Aldazek. 

Elkartea eta igerilekuak, elkarrekin
Izan ere, garai haietan Urdiain industrializatzen ari zen; herria aldapan zegoenez, eremu bat laua bihurtzeko lurra behar zuten eta Urrizti dermiotik beharrezkoa zuten lurra atera zuten; egungo Magotteaux enpresa kokatu zuten eremu horretan. Lur huste horren eraginez, Urriztin putzu handi bat sortu zen eta urez betetzen zenean, gazteak bainatzera joaten ziren. Eta garai hartan elkartea sortu zenez, zerbait egin behar zela pentsatu, eta igerilekuak egitea erabaki zuten.

Urdiaingoa Sakanako lehenengo igerilekua izan zen, baita Nafarroako lehenetarikoa ere, eta gaur egun Aitziber elkarteak jarraitzen du igerilekua kudeatzen.

50. urteurreneko ospakizunak
Kontuak kontu, aurten Aitziber elkarteak eta Urdiaingo igerilekuek 50 urte bete dituzte. Andramauztuko festetan, agorrilaren 15ean, Aitziber egunean, urteurrena ospatzeko brindisa egin zuten eta Aitziber elkartearen 50. urteurreneko kamisetak mustu zituzten elkarteko kideek. Eta, biharko, Aitziber elkarteko bazkide egun berezia antolatu dute,  egun osoko egitaraua izanen duena. Ekitaldi nagusia 13:00etan izanen da, elkartean.

“Elkartiek eragin haundia ibil dau Urdingo historian, eta gaur egun ezin du herria elkarteik pe irudikatu. Ibilbide luze hontan in dian gauza esanguratsuek goguatu eta alkarrekin ospatzeko, Juntak urteurren garrantzitsu hontan parte hartzia gonbiatu nahi dezu. Intzun danon artien danok mezi dun festa” diote juntako kideek.

Egitaraua
10:00 Futbol partidua.
10:30 Patata tortilla lehiaketa, elkarteko plazan.
11:00 Haur jolasak eta puzgarriak, elkarte inguruan.
11:30 Etxajua eta auzatea, Urdiaingo txistulariek alaituta, elkarteko plazan.
12:00 Ardo dastaketa, elkartean.
13:00 50. urteurreneko ekitaldi nagusia, elkartean.
14:30 Bazkaria brindisarekin, frontoian.
17:00 Goikoetxeatarrekin kantu, frontoian.
18:00 Dantzaldia, frontoian.
21:30 Bokatak, elkartien.
22:00 Dj-a ordu txikiak arte, elkartean.

Erlazionatuak

Herriko udako bizia

Erkuden Ruiz Barroso 2017 uzt 21 Urdiain