Joan den astean iritsi ziren langileendako tramankuluak eta bestelako makinak. Eta aste honetan hasi dira lanean Urdiaingo Goienkaldean. Hornidura sare guztiak berrituko dituzte eta horren ondoren zorua berrituko dute. David Oroz alkateak azaldu digunez, langileek lanak 3 astetan egiteko asmoa dute. Euren aurrekontua 153.600 eurokoa da. Hura ordaintzeko dirua udalak Nafarroako Gobernuak emandako erabilera askeko partidatik (47.800 euro), baso salmentatik eta diruzaintzako gerakinetik aterako du.
Despeditzear direnak kanpo santuko lanak dira. Hilerria betetzen ari zela eta zerbait egin beharra zuen udalak. Hala, urdiaindarrei hilerriaren alde zaharretik gorpuzkiak ateratzeko ia urte bateko epea eman zieten. Batzuek atera dituzte, besteek han uztea erabaki dute. Horren ondoren ekin diote aurten lanei. Kanpo santuak lehen bi maila edo altura zituen. Orain egindako lanekin hilerri guztia maila berean egonen da. Horretarako, Maudubiako pistaren hasieran egurra kargatzeko egin duten plazako lurra hartu dute (lan horiek 27.300 euroko kostua izan zuten). Kolunbarioak ere jarri dituzte eta orain urteetarako tokia izanen da hilerrian. Udaleko langileek egin dituzte lan horiek.