Dokumental ederra elkartearendako

Guaixe 2017ko abe. 20a, 12:52

Aitziber Urdiaingo gaztedia dokumentalaren mustutzeak urdindar ugari elkartu zituen elizan larunbatean. Aldare aurrean jarritako pantaila handian ikusi ahal izan zuten askok eta askok euren aldamenak eta lagunak Aitziber elkartearen nondik norakoak azaltzen. Gainera, dokumentalaren kopiak erosteko aukera izan zuten. Ikus-entzunezko lana Aitziber elkartearen 50. urteurrenaren kontura sortu dute bertako bazkideek.

Dokumentazio fasean bildutako materialarekin erakusketa jarri dute elkarteko ganbaran, ilbeltzaren 6ra arte ikusgai dago. Erakusketa dagoen bitartean elkarteko taberna publiko guztiari irekita egonen da abenduaren 24an eta 31an, 12:00etatik 14:00etara, eta abenduaren 23an, 30ean eta ilbeltzaren 6an, Errege egunean, 18:00etatik 21:00etara.