San antondarrek urteroko egin beharrekin bete zuten larunbatean. Hildako kofradearen (Eduardo Olaiz) omenezko mezaren ondoren, eliz atarian bildu ziren. Bertan, apaizak herriko azienda eta animaliak bedeinkatu zituen. Garai batean elizari buelta ematen zioten kofradeek, baina azken urtetan zeharreko aldean dagoen Tintiniturri elkartean gelditzen dira, gosaltzera.
Kofradiak bere kontuak egunean jarri zituen, herriaren etxean egindako bilkuran. Hildako kofradeen senideei sinbolikoki emandako 200 euroak eta 50 kofradeek egindako diru ekarpenak akta liburuan jasoak gelditu ziren eta kofrade berriaren izena (Josu Lanas) bertan jaso zen ere. Baita maiordomo berrienak: Josetxo Aldaz eta Txomin Goikoetxea. Karguan Peio Senosiain eta Tomas Etxarri ordezkatu zituzten. Aitziber elkartean bazkaltzera 33 kofrade animatu ziren. Ondoren, 18:00ak aldera, maiordomo berrien eta zaharren etxeak bisitatzera atera ziren, herriari buelta emanez. Aipatzekoa da, Urdiaingo kofradeen idazkaria Migel Angel Zubiria dela, “familiako ondare bat bezala da” aitortu zuen. Izan ere, bere aita, osaba edota aitona haien garaian kofradiaren idazkariak izan ziren.