First Lego League ekimenak 6 eta 16 urte bitarteko neska-mutilen artean zientzia, teknologia eta balioak sustatzen ditu. Nafarroan 10 urte bete ditu aurten ekimenak. Iruñean igandean jokatu da aurtengo edizioa. 27 talde, 210 haur baino gehiagok parte hartu dute ekimenean. 10 eta 16 urte artekoen mailan 18 talde aritu ziren horien artean Urdiaingo eskola publikoko Jentiltroniks eta Eletrodinamiks. Aurrena Altsasu institutuko eta Iñigo Aritza ikastolako 12 urteko 9 neska-mutikok osatu zuten. Bigarrena, berriz, institutuko 14 urteko lau ikaslek.
Zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika bokazioak sustatu nahi ditu. Aldi berean, talde lana, proiektuka lan egitea, komunikazioa, errespetua, erabakiak hartzea eta gizarte ekarpena gaitasunak sustatu nahi ditu. Urdiaindarrek parte hartu zuten mailan, Hydro Dinamics, talde bakoitzak epailearen aurrean hiruna aurkezpen egin behar zituzten: FLL edizioan eta torneoan jasotako balioak, uraren zikloaren inguruko konponbide berritzailea ematen zuen proiektu zientifikoa eta agindutako hiru egitekoak betetzeko robot bat diseinatzea eta programatzea.
Urdiaindik eramandakoa
Lau hilabeteko prestaketaren ondoren joan ziren urdiaindarrak Iruñera. Oihan Goikoetxeak, Elektrodinamics taldeko kideetako batek, eraman zuten proiektua azaldu digu: “etxeetan ur asko erabiltzen da eta zati bat ez dago oso zikina, xaboia besterik ez. Baina den-dena araztegira eramaten da. Hori oso garestia da. Guk konketan eta dutxan sortzen den ur gris hori jaso, etxean bertan araztu eta bertan berrerabiltzeko proiektua aurkeztu genuen”.
Gaztetxoen bozeramaile Aingeru Goikoetxeak, berriz, azaldu digu uraren-goi-horniduran egon daitezkeen ur ihesak detektatzeko konponbidea opatu zutela. Hau da, “urtegitik biltegirainoko hodiaren gainetik robot bat pasako litzateke eta hark atzemanen luke ihesa eta GPS bidez kokatu”. Horretarako, gaur egun erabiltzen diren bi teknikariek bat egin dute.
Aldi berean, Emakumeak eta Neskatoak Zientzian Nazioarteko Eguna ospatu zuten. Talde bakoitzak bere standean neskak zientzietan aritzera animatzen zituzten posterrak jarri zituzten. Aurkezpenen gelak ere gaur egungo emakumezko zientzialarien izen-abizenak zituzten.
Torneoari dagokionez, Fsingenium Team izan zen Nafarroa estatuko txapelketan ordezkatuko duena. Oihanek azaldu digunez, txarretik onera egin zuten proban eta lortutako emaitzarekin pozik gelditu dira. Ekimenean parte hartzen 6. urtea dute eta ez dakite hurrengoan segituko duten.