“Errementari” filmean Urdiaingo euskarako aditzak erabili dituzte

Guaixe 2018ko mar. 24a, 10:14

Filma apirilaren 5ean, 6an eta 8an ikusgai izanen da Altsasuko Iortia kultur gunean.

Paul Urkijok zuzendutako Errementari filma hilaren 2an mustu zuten. Arabako Lautadan 1843. urtean girotutako filma da eta Jose Migel Barandiaranek jaso zuen Patxi erremetari euskal ipuin tradizionalean inspiratu da zuzendaria “misterio, abentura eta emozioz jositako ipuin gotiko fantastikoa” sortzeko. Filmeko elkarrizketek euskara berezia darabilte: XIX. mendeko Lautadako izan zitekeena.

Ikuslea XIX. mendean sartu nahi izan horretan, filmerako euskalkia sortu berri dute eta haren kutsua eman diote euskara batuari. Ez da lan filologiko bat izan baina adituek parte hartu dute. Gorka Lazkano filologoa arduratu zen horretaz. Euskalkiaren trazak emateko Juan Bautista Gamiz arabarrak XVIII. mendean idatzitako liburu batean oinarritu zen. Horrekin batera Koldo Zuazok Arabako euskarari buruz egindako lana ere kontuan hartu zuen. Zuazo bera aholkulari izan zuen. Lazkanok Berria egunkariari adierazi dionez, arazorik handiena aditzak eman zion eta Urdiaingoa erabiltzea erabaki zuen, “euskalkia bizirik dagoelako eta urdiainerak Arabako euskararekin lotura duelako”.

Ez da aurreneko aldia Urdiaingo euskara film batean entzuten dena. Beatriz De la Vega zuzendariak erabili zuen 1999an egin zuen Sarabe film laburrean.