Lucio Zubiria Irigoienen 100 urteak

Guaixe 2018ko mai. 3a, 12:46

Bizilagunen bisitak eta opariak jaso zituen eta Udalak brodatutako txapela oparitu zion; oso eskertuta dago urdiaindarra

Apirilaren 22an Lucio Zubiria Irigoien urdiaindarrak 100 urte bete zituen. Urteurren berezi hori gustura ospatu zuen urdiaindarrak. Familia guztia izan zuen alboan, baita auzokideak ere. “Oso kontentu zegoen. Goizetik hasi ziren bisitak. Bizilagun batek tarta bat ekarri zion, beste batek gazta bat… Gainera, Urdiaingo Udalak brodatutako txapela bat oparitu zion, polit-polita, eta oso oso eskertuta zegoen” adierazi digute bere alabak eta errainak.

Lucio Zubiria Adela Garabietarekin ezkonduta dago. Luciok 100 urte bete ditu eta Adelak maiatzaren 8an 94 beteko ditu. “Urdiaingo bikote edadetuena izango da” adierazi digu errainak. Hiru seme-alaba, bi biloba eta Lucioren urtebetetze bezperan 3 urte bete zituen birbiloba dituzte. “Birbilobak eta birraitonak batera puztu zituzten tartako kandelak. Oso polita izan zen” gaineratu dute familiakoek.

Lucio ongi dago osasunez. Ez du oso ongi entzuten eta belaunak nahiko ukituak ditu, baina horretaz gain, dena ongi. “Senarrak esaten dio, txantxetan, belaunak aldatuko balizkiote beste 100 urte beteko zituela” dio, irribarrez, errainak. Cementosen egin zuen lana Luciok, labean, jubilatu arte. Baratzean eman ditu urte asko. “Aurreko urtera arte aitzurrarekin ibili zen bueltaka” aipatu digu errainak. Bizitza oso ordenatua eraman duela ere gaineratu du, eta egunean dagoela. “Egunero egunkaria irakurtzen du, betaurrekorik gabe. Egunean dago, guztiz. Eta pilota partida guztiak ikusten ditu. Txirrindularitza ere oso gustuko du” aitortu dute bere senitartekoek. Emaztea, Adela Garabieta ere, ongi dago. “Audizioa galdu dute eta ez dute aparailurik jarri nahi. Ongi ez entzuteagatik batzuetan elkarrizketetan ez dira sartzen, baina bestela, ongi” diote.

Urtebetetze egun polita pasatu zuten guztiek. Jende asko pasatu zen etxetik, eta esker oneko hitzak besterik ez dituzte senitartekoek, guztiendako.