Urdiain eraldatu zuen lantokia

Guaixe 2018ko eka. 15a, 12:59

Duela 50 urte mustu zuten Urdiaingo Magotteaux lantegia. Herri nekazari eta abeltzainetik industria gune garrantzitsua bihurtu zen. 44 langile hasi ziren 1960ko hamarkadan eta, gaur egun, 123 langilek lan egiten dute lantegian

1968ko abuztuaren 2an mustu zuten Magotteaux Luzuriaga lantegia Urdiainen. Victorio Luzuriagaren eskutik iritsi zen nazioarteko enpresa Sakanara. Garaiko Nafarroako Foru-Aldundiak sustatutako industrializazio planaren barruan eraiki zuten enpresa. Magotteaux lantegiaren mustutzeak Urdiain eta Sakana eraldatu zituen, izan ere, zonaldea industrializatu zuen eta ohituraz herri nekazaria eta abeltzaina zena industria gune garrantzitsua bihurtu zen. 2001. urtean Sigdo Koppers enpresak Magotteaux erosi zuen, eta 2008. urtean Urdiaingo lantegia handitu zuten, eta 100 metro koadroko nabea mustu zuten.

44 langile hasi ziren duela 50 urte Urdiaingo Magotteaux Navarra lantegian. Gaur egun, 123 langile ditu lantokiak. Kopuru honek "enpresak urteekin lortutako ekoizpen mailari erantzuten dio", Juan Eduardo Errazuriz Sigdo Koppers-eko presidenteak azaldu zuenez.  Mende erdian 700 bat langile pasatu dira lantegitik.

Historia
Grupo Magotteaux enpresa Vauxen sortu zen, Belgikan, 1920. urtean. Altzairuzko bolak egiten espezializatuta zegoen. Urdiaingo lantegia enpresaren garapenaren lehenengo urratsa izan zen. Egun, Magotteaux-ek hamabost lantegi ditu, hamaika herrialdetan, munduko lau kontinentetan. Gainera, 24 saltoki gune ditu munduan zehar ere.  Hala ere, Sakanarekiko kronpromisoak "irmoa" mantentzen jarraitzen du. Magotteaux-en garapenak Urdiaingo herriaren industria garapenarekin bat egin zuela adierazi zuen Errazurizek.

50. urteurrena ospatu du Urdiango Magotteaux Navarra enpresak. Porlan, meatzari eta siderurgian sektoreetan espezializatutako erresistentzia handiko galdaketa piezak eta aleazio altzairuak ekoizten espezializatuta dago. Aurten fakturazio marka gainditu dute 31 milioi euro fakturatuz eta 7.500 tonako ekoizpenarekin. Etorkizunean 9.000 tonako ekoizpena gainditzea aurreikusten dute, hau da, %20 haztea aurreikusten dute. Zifra horiek “lantegiko langileen lorpena” direla esan zuen Errazurizek.

Etxean bezala
Sigdo Kopper enpresako administrazio kontseiluko bost kidetatik hiruk Nafarroako eskualde “eder eta historikoan” jatorria dutela azaldu zuen Errazurizek. Baztanetik Txilera joan omen ziren haren senideak, eta, ondorioz, Urdiainen “etxean bezala sentitzen zirela” esan zuen.

Aurreko larunbatean, garagarrilaren 9an, langileen senideendako Urdiaingo Magotteaux lantegiaren ateak zabaldu zituzten. Langileen seme-alabek eta senideek lantegia barrutik ikusteko aukera izan zuten eta, besteak beste, altzairuaren isurketa nola egiten den ikusi zuten. 325 pertsona pasatu ziren jardunaldian.

Asteartean, garagarrilaren 12an, enpresako buruak eta kudeatzaileak izan ziren Urdiaingo lantegian, baita Nafarroako Gobernuko ordezkari politikoak ere: Urdiaingo alkatea David Carmelo Oroz, Magotteauxeko kudeatzailea Sebastien Dossogne, Roberto Mosci enpresako plan manager-a, Sigdo Kopperseko presidentea Juan Eduardo Errazuriz, Uxue Barkos Nafarroako presidentea, Ainhoa Aznarez Nafarroako parlamentuko presidentea, Manu Aierdi Nafarroako presidente ordea, Txileko enbaxadore Espainian Jorge Tagle, Belgikako enbaxadorea Espainian Marc Calcoen eta Nafarroako Enpresari Elkarteko presidentea Jose Antonio Sarria. Nafarroako parlamentuko alderdi guztiak ordezkatuak izan ziren ere Urdiainen. Guztira, 200 pertsonek parte hartu zuen 50. urteurren ospakizun instituzionalean.

Atzo, gaur eta bihar
"Benetan ikaragarria" iruditu zitzaion Uxue Barkos Nafarroako presidenteari altzairuzko isurketa zuzenean ikusteak. Nafarroan Magotteaux "bost hamarkada hauetan industria, ekonomia eta gizarte garapenaren adibidea" dela adierazi zuen Barkosek. Lantegia mustu zutenetik asko hazi zela gaineratu zuen. Hortaz, mendi erdi honetan konpainiaren kudeaketa, bertan lan egiten duten pertsonak, eta merkatuaren eskaintza berrietara egokitzeko eta enpresa "sendo, finkatu eta berritzailearen" adibide dela esan zuen.

“Hemendik kamioi batean pieza bat ateratzen denean, ez da bakarrik metalezko pieza bat ateratzen. Pieza horien atzean gauza asko ateratzen dira. Galdategian eskulana oso garrantzitsua da, eta pieza on bat egiteko moldeatzaile onak behar dira. Beraz, ez ditugu bakarrik metalezko piezak egiten, langileak ere trebatzen ditugu". Roberto Mosci Magotteauxeko plan manager-a da eta lantegiaren 50. urteurrena "egin genuena eta egiten ari garenaz" hausnartzeko momentu egokia zela esan zuen. Hortaz, enpresa asko garatu dela esan zuen. Gainera, "pertsonen formazioan, lan osasunean eta ingurugiroaren babesean inbertitu dutela" adierazi zuen Moscik.

Ildo nagusiak
Juan Eduardo Errazurizek ere Magotteuxeko ildo nagusiak goraipatu zituen: langileak eta ingurugiroa. Errazuri Sigdo Koppers enpresaren presidentea da, 2001. urtean Grupo Mago-
tteaux erosi zuen enpresa. Azken urteetan, “gizarte-erantzukizunean eta ingurugiroa zaintzeko, industriaren eta gizartearen eskaintza erantzuteko, goi kalitate estandarrak betetzeko, ingurumena babesteko eta energia modu efizientean erabiltzeko” apustua egin dutela adierazi zuen Errazurizek. Hortaz, lan osasun arloan eta ingurugiroaren babesean aurrerapausoak eman dituztela azaldu zuen. “Aurrera jarraituko dugu. Gure helburua garapen jasangarria da eta”.

Arrakasta eta porrotaren arteko desberdintasuna "gure esentzia eta baloreak alde batera utzi gabe" aldaketei aurre egitea dela azaldu zuen Errazurizek. “Munduko eta bertako krisi ekonomikoekin eta Txinako eta Indiako konpetentziarekin une latzak pasa izan ditugu, baina lan taldearen irmotasunari esker arazoak jasaten jakin izan genuen". Hortaz, kudeatzaileek “aldaketak” ikusteko ahalmena izan zutela eta horiek “aukera berriak” bihurtzea lortu zutela esan zuen.

Garapena
"Industria birmoldaketa" izan da azken hamar urteetan Magotteaux taldean. Hortaz, 2008an Urdingo lantegian ekoiztutako %90 "iberiar penintsulan saltzen" zela azaldu zuen Errazurizek. “Ekonomia krisiarekin ingeniaritza eta teknologian inbertitu genuen, eta langileek esfortzu handia egin zuten”. Ondorioz, gaur egun ekoizpenaren %88a esportatzen dute. Hamar herrialdetara esportatzen du enpresak, eta herrialde horietan Magotteaux "ezagunak" dira. "Epeak betetzeko seriotasunagatik eta produktuen kalitatearengatik gara ezagunak".

"Bizirauteko bezeroek eskatzen duten kalitatea, prezioa eta epeak bete behar ditugu", azaldu zuen Roberto Moscik, Magotteaux-eko plan manager-a. Beraz, garatzen jarraitzeko teknologian inbertitu dutela gaineratu zuen.

Pertsonak
Langileak Urdiaingo Magotteaux Navarra lantegiko balore handienetarikoa direla goraipatu zuten enpresako kudeatzaileek. Hortaz, asteartean egin zuten ekitaldian esker ona eta txalo zaparrada jaso zuten lantegian lan egiten duten 123 langileek. “Hau dena ez zen posiblea izanen Magotteaux-en historian parte hartu duten pertsonak gabe”, adierazi zuen Sebastien Dossogne Magotteauxeko kudeatzaile orokorrak.

Magotteaux Navarrako Urdiaingo lantegiaren historian 700 pertsonek lan egin dute. Lantegiak herria eraldatu zuen, eta denborarekin lantegia ere aldatuz eta hedatuz joan da. Gainera, datozen urteetarako plan estrategiko berria jarriko dute martxan lantegia modernizatzeko eta automatizatzeko.

50. urteurrena ospatzeko ekitaldian Urdiaingo lantegiaren istorioak biltzen dituen dokumental txiki bat aurkeztu zuten. Bertan, langileen bizipenak eta esperientziak agertzen ziren. Eduardo Goikoetxea eta Ramon Gonzalez langile ohien esperientzia azaltzen zen, esaterako.

Goikoetxea eta Gonzalez lantegiaren aldaketen lekuko izan dira. Izan ere, enpresa mustu zutenean hasi ziren bertan lanean, eta duela gutxi erretiratu ziren. "Bizitza osoa" eman dute Magotteaux-en lanean, horrek dakartzan "zortearekin". Etxetik gertu zegoen lantokia, beraz, ez zuten kotxea hartu behar ere. Batzuk ikasketak amaituta sartu ziren lantegian lanean, beste batzuek nekazaritza utzi zuten eta industrian murgildu ziren.

Goikoetxeak eta Gonzalezek familia enpresa bat bezala ikusten zuten Magotteaux, gainera, aita-semeek lan egin dute lantegian eta, etorkizunean, bilobek ere bertan lan egitea "gustatuko" litzaieke. Cesar Goikoetxea eta Borja Gonzalez semeentzako "ohore" bat da Magotteaux-en lan egitea. "Gazte ginela udan zerbait irabazteko hasi ginen hemen lanean eta gero helduak ginela hemen hasi ginen lanean", Goikoetxearen esanetan.

"Familia bat bezala gara. Guztiok elkar ezagutzen dugu eta harreman ona dugu". Martin Perez enpresako komiteko kidea da. Hasi zenean "koba bat bezala" ikusten zuen lantegia, "beltza". Iritzi berdinekoa da Angel Saldaña. "Bizitza osoa" darama bertan lanean eta eraldaketaren lekuko izan da ere: "hasi nintzenean beltza zen dena eta kea zegoen". Magotteaux-eko Urdiainen aldaketa nabarmenak izan direla diote langileek.

Magotteaux Navarra zifretan
Historia

Grupo Magotteaux enpresa 1920. urtean sortu zen Vaux-en, Belgikan. 1968. urtean Urdiainen mustu zuten Magotteaux Navarrako lantegia. 2001. urtean Sigdo Koppers enpresak Grupo Magotteaux erosi zuen.

Langileak
Lantegia 44 langilerekin hasi zen. Gaur egun, 123 langile ditu lantegiak. Bost hamarkadetan 700 langile pasa dira.

Irabaziak
2017. urtean 31 milioi euro fakturatu zituen. 7.500 tona ekoiztu zituzten, eta 9.000 tona ekoiztea aurreikusi dute.