Festen bezperan, pilota jaialdi ederra gaur Urdiainen

Guaixe 2018ko eka. 29a, 13:09
Bergera eta Ongay elkarren kontra ariko dira. Argazkia: Artxiboa.

Garfek antolatuta, gaur, ostiralean, 21:00etan, Nazabalek eta Berazak Murgiondo eta Goikoetxea izanen dituzte aurkari eta partida nagusian Titin III.ak eta Bergera Ongay eta Azanzaren kontra ariko dira

Kirolak beti bere txokoa izaten du festetan eta Urdiaingoetan ere horrela izanen da. Hobeto esanda, festak hasi baino lehen, bezperan, pilota jaialdi eder batez gozatzeko aukera izango da Urdiainen. Garfek Urdiaingo Udalaren laguntzarekin antolatuta, gaur, ostiralean, 21:00etan, primerako jaialdia izanen da Urdiaingo frontoian.

Lehenik eta behin puntako afizionatuen arteko partida jokatuko da. Nafarroako txapeldunak diren Nazabalek eta Berazak Euskal Ligako irabazle Murgiondo eta Goikoetxea izango dituzte arerio. Eta, segidan, puntako pilotarien partida hasiko da. Titin III.ak Josu Bergera arruazuarrarekin osatuko du bikoa, Alberto Ongay satrustegiarraren eta Azanzaren kontra jokatzeko. Partida lehiatua aurreikusten da, lau pilotariek ez baitute pilotarik galdutzat ematen eta Urdiainen irabazteko asmoz aterako baitira kantxara. Ea zein sakandar suertatzen den garaile.

Pilota Unanun
Unanun ere pilota jaialdia antolatu dute igandean, 17:00etan. Berastegik eta Iraurgik Lazkoz eta Berdugo izango dituzte aurkari lehen partidan, eta Ataña-Lazkozek Ansotegi-Berastegiren kontra jokatuko dute bigarrenean. Bukatzeko, Otxoa Olaetxearen kontra ariko da.