Iker Mintegi Igor Arrietari gailendu zitzaion Urdiainen

Guaixe 2018ko uzt. 4a, 12:50

Altsasuko Euskadiko txapeldunak eta Uharte Arakilgo txirrindulariak lehia estua izan zuten eta Mintegi gailendu zen esprintean

Ikusgarria izan zen atzo Urdiainen jokatutako kadeteen mailako I. Urdiain Saria, emozio handikoa. Izan ere, kadeteen mailako gorenean dauden bi oilarren arteko borroka izan zen asteartekoa, larunbatean Zeberion Euskadiko txapelketa irabazi zuen Quesos Albeniz taldeko Iker Mintegi eta igandean Undianon irabazi zuen Intersport Irabiako Igor Arrieta txirrindularien artekoa.

Burunda klubak Urdiainen antolatutako lasterketa 50 kilometrokoa zen eta txirrindulariek bitan igo behar izan zuten Altamira. Hasieratik lehian ibili ziren Iker Mintegi eta Igor Arrieta, eta helmugara ere biak aurreratuta iritsi ziren, baina esprintean Iker Mintegi izan zen azkarrena (1:19:23), Igor Arrietaren aurretik. Proban gailentzeaz gain, mendiko sailkapena irabazi zuen Iker Mintegik. 11 segundora El Caserio-Valsay taldeko Ion Jurio sartu zen eta 19 segundora Intersport Irabiako Aitor Alberdi.

Gainontzeko sakandarren kasuan, Hugo Aznar (Q.A.) 6.a sartu zen, Unai Aznar (Q.A.) 7.a., Antonio Gonzalez (Q.A.) 10 .a, Sergio Lopez (Q.A.) 14 .a, Migel Gil (Q.A.) 16 .a, Martzel Etxeberria (I.I.) 22 .a, Mikel Lizasoain (I.I.) 26 .a, Oihan Etxeberria (Q.A.) 30 .a eta Jon Chamorro (Q.A.) 31 .a.  

Burunda kluba profeta izan zen bere herrian eta Quesos Albeniz izan zen Urdiaingo talderik onena. Intersport Irabia aldiz, hirugarren talde onena izan zen.