Ahoa eta belarria irudikatzen dituzten Euskaraldiko irudiak bere burua horrela nabarmenduz aurkeztu ziren urdiaindarren artean. Izan ere, Urdiain Euskaraldian izena eman duen Sakanako 10 herrietako bat da. Ahobizik eta Belarriprestek ez zuten euskararen aldeko beste kanpaina berri batera deitu; baizik eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra eginen den ariketa batean parte hartzera animatu zituzten urdiaindarrak. Euskaraldia euskararen erabilera handitzeko Euskal Herri mailako ariketa kolektibo erraldoia izanen baita.
11 egunez ahalik eta gehien euskaraz hitz egitean datza ariketa hori. Horretarako jokaera batzuk izatea eskatzen dira. Ahobizi izan nahi dutenek ahal duten guztietan euskara erabiltzeko prest egon behar dute. Euskaraz eginen diete ulertzen duten guztiei. Edonon, edonoiz eta ulertzen duen edonorekin arituko dira euskaraz. Belarriprest direnek, berriz, euskaraz dakiten guztiei berari euskaraz egiteko gonbidapena eginen diete. Euskara ulertzen dutela esanen diete eta haiekin euskaraz hitz egin dezatela eskatuko diete. Belarriprestak euskaraz edo erdaraz erantzunen du, baina berari euskaraz egiteko eskatuko du. Horrela, elkarrizketa elebidunak sor daitezke, eta horrek bidea emanen du hizkuntza ohitura batzuk hautsi eta, ondorioz, euskara gehiago erabiltzeko. Hori baita Euskaraldia izeneko ariketaren helburua.