Sakanako XVII. Haur Triatloirako izena ematea zabalik

Guaixe 2018ko uzt. 10a, 14:47

Uztailaren 21ean jokatuko da, Urdiaingo igerilekuetan, eta www.rockthesport.com web gunean eman behar da izena, uztailaren 16era arte, hau barne

Sakanako Mankomunitateak antolatuta, garilaren 21ean, 10:00etatik aurrera, XVII. Sakanako Triatloia jokatuko da Urdiaingo igerilekuetan, honako mailetan: juniorrak, kadeteak, haurrak, kimuak, benjaminak eta aurrebenjaminak. Proba antolatu ahal izateko Mank-ek Nafarroako Triatloi Federazioaren, Nafarroako Gobernuaren, Aitziber elkartearen eta Urdiaingo Udalaren laguntza izan du.

Igeriketa probak Urdiaingo igerilekuetan jokatuko dira, txirrindularitza probak igerileku ondoko pareje zoragarrietan, Urriztin eta Saraben, eta korrika proba Urrizti inguruetan. Aipatzekoa da probak Nafar Kirol Jolasetarako baliagarriak izango direla eta Sakanako Haur Triatloian parte hartzeko triatletek federatuta egon beharko dutela, klub baten bitartez.

Izena emateko
XVII. Sakanako Triatloian izena ematea zabalik dago, uztailaren 16era arte, hau barne, www.navarratriatlon.com/competiciones/ web orrian, Rock The Sport (www.rockthesport.com) plataformaren bitartez. Proba Nafar Kirol Jolasetarako baliagarria denez, ez da inskripzioagatik ordaindu behar izango. Edozein zalantza argitzeko, Sakanako Mankomunitateko kirol zerbitzura jo daiteke (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.eus).

Sakanako Triatloi Campusa
Astelehenean hasiko da Sakanako Triatloi Campusa eta garilaren 27an despedituko da. 8 urtetik 16 urte bitarteko 20 neska-mutikoek eman dute izena korrika, igeriketa eta txirrindularitza batzen dituen kirol honetan. Goizeko 11:00etatik 13:00etara, Aitor Mozo eta Urko Berdud mutilekin trebatuko dira neska-mutilak. Teoria eta praktika uztartuko dituzte, eta kirol batetik bestera egin beharreko trantsizioak nola egin behar diren ere landuko dute. Bestalde, uztailaren 21ean Urdiainen jokatuko den Sakanako XVII. Triatloia prestatzeko aukera bikaina da campusa, eta bertan aritzeko aukera izango dute triatloi campusean trebatuko direnak.