G puntua diskoa kaleratu berri duzue. Zergatik orain?
26 urte daramatzagu taldea hasi genuenetik eta urte hauetan gauza asko gertatu dira, bai pertsonalki baita taldean ere. Lehendabiziko diskoaren egoera eta oraingo momentua diferenteak dira. Zortzi urte generaman kantu berrirekin disko bat egin gabe. 2013an bilgune antzeko bat egin genuen eta joan zen urtean 25. urteurrena zela eta kontzertuetatik zuzeneko bat egin genuen. Baina kanta berriak sortu gabe zortzi urte generaman. Asierrek bazeukan buruan nahiko melodia eginik, baina ez genuen une bat harrapatzen melodia horiek guztiak hartzeko eta ondo prestatzeko. Joan den urtea oso polita izan zen eta lan asko egin genuen. Lan dinamika polita hartu genuen eta lanarekin segitzea hoberena zela pentsatu genuen. Izan ere, gero eta zailagoa da bakoitzak gure bizitza dugulako eta gure familiak ditugulako, eta gauza horiek guztiak uztartzea ez da batere erraza. Baina iritsi da diskoa, kaleratu dugu.
Abesti horiek kantatzeko beharra ikusten zenuten?
Bai, guk behintzat bai. Zortzi urte generaman kanta berriak egin gabe. Urtero kontzertuak egiten ditugu eta nahiz eta ehunetik gora kanta izan kontzertu gehienetan jotzen ditugu jendeak eskatzen dituenak. Nolabait gogoa sartzen zaizu kanta berriak kantatzeko eta gauza berriak esateko ere. Gizartean ere eboluzio bat izan da, nahiz eta batzuetan dirudi eboluzio handirik ez dela egon orain dela 23 urte egindako kantak oso eguneratuta daudelako.
Nolakoa da diskoa?
Oso Gozategi da. Nik uste jendeak entzuten duenean ez duela sorpresa handirik hartuko. Letrek nahiko gauza franko esaten dituzte, letrak egiten busti gara, eta melodiak erraz sartzen dira.
Asierrek bere grazia hori badauka letrak egiteko eta kantetan ikusten da. Beti komentatzen dugu ez garela ausartzen kontrolatzen ez ditugun territorioetan sartzen. Guk egiten dugun musika soila da, eta soila denez modu intentsoan kantatu eta jo behar dugu. Horrek ematen die berezitasuna. Taldearen nortasuna ikusten da kantu horiek interpretatzeko garaian.
Titulua xelebrea da, G puntua. Nondik dator?
Disko hau egiten momentu askotan asko disfrutatu dugu, eta askotan esaten genuen gozamena bat zela. Askotan ateratzen zen hitz bat zen: zer gozamena, zer gustura... Gainera, gurekin ibili den Elkarreko Angel Valdesek Kubako azentuarekin hainbat gauza esateko ohitura dauka eta beti esaten zuen “tremenda gozadera”. Gozamena, gustura, gozadera, Asier Gozategi dela eta ni Goikoetxea naizela... Asierrek ere esaten du askotan nahiko gelipollas garela, eta esan genuen: G puntua jarriko diogu titulua. Kuriosoa da eta gauza horiek guztiak azaltzen ditu. Gozategi izena bera ere gozatzeko tokia izango litzateke eta horren inguruan dabil ideia. Musika xume bat jarri eta jende asko berehala goza dadila musika horrekin.
Gozategiren zortzigarren diskoa. Besteekin aldea dago?
Hau bederatzigarrena da kontatzen badugu joan den urtean atera genuen zuzeneko diskoa. Ezberdintasuna da bakoitzaren garapen pertsonala eta nola ateratzen den kantatzeko eta melodiak egiteko garaian. Saiatu gara oso barrutik egiten, beraz, diferentzia handiena da bakoitzaren garapen pertsonal hori. Diskurtsoa ez da gehiegi aldatu, ezta musika sentitzeko modua ere ez. Zerbait kaleratzen duzunean betetzen zaituen lan bat izatea saiatzen zara.
Euskal Herriko festa nagusietan aritu zineten iaz, eta 25. urteurrena ospatzeko zuzeneko disko eta bideo batean bildu eta plazaratu zenuten. Nola aurkezten da aurtengo uda?
Itxita ditugu aurtengo udarako 30 kontzertu eta toki politak dira. Ez gara rock talde bat edota modako talde bat. Gure musika herrikoia da eta mugitzen garen eszenatokiak ez dira rock munduko kontzertuetakoak. Ez gara festetako berbena bat ezta, gure kontzertuek ordu eta erdiko iraupena dutelako, orduan gure zirkuitua oso estrukturatuta dauden horietatik kanpo dago. Oso kontzienteak gara herriek eta auzoek kontzertu bat antolatzen dutenean zailtasun handiak dauzkatela kontzertu hori antolatzeko. Beraz, antolatzaileek esfortzu handia egiten dute eta hori kontuan hartuta 30 hamar saio izatea bakarrik udan oso gauza polita da. Jendeak taldea zuzenean ikusteko gogoa dauka.
Diskoa kaleratu duzue, baina plazak nahiago dituzue?
Zalantzarik gabe. Urte hauetan guztietan konturatu gara plazan egiten dugun lana oso garrantzitsua dela. Gaurko gizartean hedatu den diskurtsoa besteari kulpa botatzearena da. Politikan oso ageria da. Beraz, pentsatzen dugu plazan beste diskurtso mota bat eman daitekeela. Guk, euskaldunak, kalejira batean ondokoari eskutik heltzeko ahalmena dugu kontuan izan gabe nor dagoen ondoan. Plazan herriak sentitu dezake elkarturik. Gai gara denok elkarrekin dantzatzeko. Hor ikusten dugu funtzio sozial polit bat egin daitekeela, horregatik gu hor sentitzen gara oso bizirik.
Plazako sentimendu hori diskora eramatea posiblea da?
Bai. Inkontzienteki kanta bat egiten ari zarenean pentsatzen ari zara jendeak nola dantzatuko duen edo nola kantatuko duen; barre egingo duen ez duen egingo... Modu inkontzientean kanta guztiak toki horretara eramaten dituzu.