Benta gaztetxea mustuta

Guaixe 2018ko ira. 9a, 19:42
Gaztetxearen mustutze egunean jendea Benta aurrean. Argazkia: UGA.

Egindako lanak herritarrei erakusteko, Urdiaingo Gazte Asanbladak ate irekien jardunaldia egin zuen agorrilaren 17an.

Benta gaztetxean Urdiaingo Gazte Asanbaldak (UGA) egindako lanak herritarrei erakusteko ateak zabaldu zituzten agorrilaren 17an. Hamaiketakoa eskaini zieten gerturatu ziren guztiei. Egindako lanez aparte, UGAk antolatutako ekintzekin ondutako bideoa ikusteko aukera izan zuten bisitariek. Mustutzea borobiltzeko gazte-afaria eta parranda izan ziren.

Frontoi azpian, garai batean futbol zelaiko aldagelak zirenak izan ditu egoitzatzat orain arte UGAk. Hari antroa deitzen zioten gazteek. Ezer baino gehiago zen, baina bilerak egiteko besterik ez zien balio. Gutxi gehiagorako, hitzaldiak eta bestelakoak antolatzeko balio ez zuelako. Udalarekin harremanetan jarri eta benta zen eraikinean espazio bat utzi zien gazteei joan den urtean: beheko solairua, bideberri aldera ematen duena. Solairu erdia baino gutxiago hartzen du.

UGAkoek joan den urtean espazioa nola banatu aztertu eta paretaren bat bota zuten. Baina lanik handienak uda honetan egin dituzte. 90eko hamarkada akaberan espazio berak gaztetxea hartu zuen, baina eraikinaren egoera txarra zenez utzi zuten. Orduko arrastoa gelditu zen, agertokia. Bukatu gabe badago ere, hura aprobetxatu dute. Horretaz aparte, egongela, barra, biltegia, sukalde txikia eta komuna dituzte. Azken bi horiek ur eta ur beltzen sareekin lotzeko kanpo laguntza beharko dute gazteek. Azken horiek kenduta, gehiena prest dute UGAkoek.

Gaztetxea izanda hainbat asmo dituzte UGAkoek. Urtero Futbol 7 txapelketa antolatzen dute. Gainera, Burunda eta Sakanako Gazte Asanbladekin harremanetan daude. Elkarlan horretatik zerbait sortuko dela espero dute.

Sakanako gazte egoitzak
9 gazte egoitza daude ibarrean. Haietatik 8 udal eraikinetan daude eta bakarra Elizarenean, Lakuntzakoa. Hona Sakanako gazte egoitzen zerrenda: Irurtzunen Larrazpi, Lakuntzako Biltoki (50 urte), Arbizuko Argi-bidea (50 urte), Etxarri Aranazko gaztetxea (11 urte), Iturmendiko Ximona gaztetxea (7 urte), Urdiaingo Benta gaztetxea, Altsasuko gaztetxea (aurten 28 urte), Olatzagutiko Maisuenea gaztetxea (23 urte) eta Ziordiko gaztetxea (25 urte baino gehiago).