Sanpedroaldeko bidean neurriak hartuko ditu udalak

Guaixe 2018ko aza. 10a, 09:51

Sanpedroaldeko bidean jendea bizikletan ibiltzen eta paseatzen.

San Pedrorako bidean hainbat neurri hartuko ditu trafiko segurtasuna handitu eta arriskua saihesteko.

Lastailaren 21eko istripuak ondorio oso larriak izan zituen. Baina Urdiain eta San Pedro ermita lotzen dituen bidean urtetan eskapada handiak izan dira Altsasutik bueltan etortzen zirenen artean. Gainera, "bide horretara rallyak egitera propio etortzen dira. Haiendako arriskua da, baita handik paseatzen eta bizikletan ibiltzen diren guztiendako ere". David Oroz Alonso Urdiaingo alkatearen azalpena da.

Azken ezbeharraren ondoren,  udalak neurriren bat hartuko duen galdetuta, baietz esan digu  alkateak: "bagenuen buruan bide horretan segurtasun neurriak hartzea. Hitz-egina genuen, baina beti diru falta zegoen. Bitartean Mikelendako berandu da". Orozek esan digunez, heldu den urterako diru sail bat bideratuko dute. Alde batetik, ibai eta trenbide gaineko zubietako hesiak berritu eta indartu nahi dituzte. Hesi ereduak begira dabiltza udal ordezkariak. Baina, horrekin batera, seinaleztapena indartuko dute. Gainera, ibilgailuen abiadura moteltzeko zoruan hainbat altura duten oztopoak jarriko dituzte.

Bentatik San Pedro ermitara 3 bat km-ko distantzia dago. Eta km bat gehiago Urriztin dauden igerilekuetaraino. Zatirik handiena hariztian egiten du. Zuzen guneak eta bihurguneak ditu. Zuhaitzen itzalarekin hezetasuna asfaltoan mantendu egiten da. Horri bidean egon daitekeen orbela edo lokatza gehitu behar zaizkio, bidea arriskutsu bihurtzen dutenak. Udalak bidearen hainbat tokitako aldeetan obra hondakinak bota zituen. Horrela, alde batetik, bidearen ezker-eskuin plataformak sortu zituen, bidearen segurtasuna handituz, eta aparkaleku gisa erabiltzeko.  

Garai batean dermioko bidea zen. Azienda batetik bestera mugitzeko edo baso aprobetxamenduak ateratzeko balio zuen. Garaiak aldatu ziren eta ibarreko aurreneko igerilekuetara joateko bide hura sakandarrak ezagutzen hasi ziren. Gerora, Altsasun parranda egiten zutenek trafiko kontrolak saihesteko erabiltzen hasi zen. Udalak obra hondakinak aldeetan botaz  bidearen aldetan plataformak sortu eta aparkalekuak egokitu zituen.