Urdiaindik hiru liburu proposamen

Urdiaingo liburutegia 2018ko aza. 30a, 08:14

kolaboratzaileak

"AMEK EZ DUTE" (Katixa Agirre. 2016 Zubikarai saria). Bi emakume, bi ama gazte: batek bere ume bikiak hil ditu, bere eskuz baineran itota. Bestea, nobelaren narratzailea, bere buruaz erditzerakoan, bat-batean ohartu da ezagutzen duela ama hiltzaile hori, aspaldi bere berri izan ez badu ere; Jade/Alicerekin eta haren ekintzarekin obsesionatuta, gehiago jakitea erabakiko du, hartaz ikertzea eta horri guztiari buruzko eleberri bat idaztea.

Katixa Agirrek, gogoz irakurtzen den fikziozko nobela honetan, historian zehar infantizidioa zein egoera eta baldintzetan gertatu den kontatzen digu, besteak beste, amatasunaren inguruko hausnarketa, sentimendu, emozioak modu gordinean plazaratuz. Idazkera dinamikoa eta arina.


"VASTAS EMOCIONES Y PENSAMENTOS IMPERFECTOS" (Rubem Fonseca). Eleberri honetan protagonista etxez aldatzen ari da inauterietako dantzari baten bisita jasotzen duenean. Honek kutxa bat utziko dio. Dantzaria hil egiten dute, kutxak harri bitxiak dauzka barruan eta eta gaizkile banda bat dauka atzetik. Bien bitartean espero ez duen gonbidapen bat jasotzen du, Alemanian "Caballería roja", Isaac Babel, errusiar idazleak idatzitako ipuin sorta zoragarriaren filma grabatzeko. Honenganako pasioak Brasildik Alemaniara eramango gaitu eta politikari, literatura eta arteari buruz hausnarketa egiteko beta emango dio idazle brasildarrari. Agertzen zaizkigun pertsonaien nahiak eta ametsak gorpuztuko dute eleberri entretenigarri hau.


"ESCAPE BOOK, La puerta de Lia" (Ivan Tapia. 12 – 18 urte). Liak ateak irekitzen ditu, buruko ateak, non gure sekretu eta oroitzapenak gordetzen ditugun. Giltzaren hermandadekoek beraiekin elkartzeko aukera eman diote, baina lehenik bere gaitasunak ziurtatu behar dituzte eta horretarako proba mordo bat prestatu dizkiote, berak gainditu ditzan eta horrela bere dohainez ikasteko aukera izateko. Hemen sartzen zara zu, irakurle, Liak azalduko zaizkion erronkei aurre egiteko laguntza behar duelako. Horretarako azkarra izan behar duzu eta logikaz eta sormenaz baliatu behar duzu. Ausartuko al zara? Escape room fenomenoak inspiratu du Ivan Tapia  irakurlea inplikatzen duen genero berri hau sortzen. Pista asko dago eta amaiera da interesgarriena.