Sanantondarren biltzarra

Guaixe 2019ko urt. 21a, 12:47

Urdiaingo San Anton kofradiako 44 kideak larunbatean elkartu ziren. Eguerdian elizan zuten hitzordua. Hildako kofradeen aldeko mezaren ondoren, Migel Anjel Sagaseta apaiza kalera lagundu zuten eta eliz atetik bedeinkapena egin eta kofradiaren abestia kantatu zuten. Elizakoak despeditua Tintinitturri elkartean gosaldu zuten.

Herriaren etxean egindako batzarrean karguak berritu zituzten. Cesar Goikoetxeak eta Jose Aldazek maiordomo ardura Imanol Goikoetxeari eta Valentin Floresi pasa zieten. Aldi berean, kofradiaren liburuan izandako bajak eta altak apuntatu zuten: Luzio Zubiria eta Martin Goikoetxea kofradeak hil ziren joan den urtean. Santondarrek haien familiei 300na euro eman zizkieten ehorzketa gastuetarako. Kofradiak, gainera, heriotzaren hurrengo domekan meza eskaini zien. Errepublika garaian haren banderaren koloreekin egindako poltsa batean gordetzen du dirua kofradia. 30. hamarkadan kakorratzekin egindako poltsa Joxepa Zelaiak egina zela uste dute kofradeek. Egin beharrekoak despedituta, Aitziber elkarteak 35 kofraderen bazkaria hartu zuen. Iluntze aldera atera diren eta sartu diren maiordomoen etxeetara joan ziren, errondan.

Kofradiako kide guztiak gizonezkoak dira, baina emakumezkoei ez dago itxita. “Gertatzen da ez dugula inolako eskaerarik jaso. Jarraitu nahi duen alargunen batek nahi balu edo nahi duena”.

San Antonio kanta

San Antonio, San Antonio
San Antonio abadea.

Zu zera gure abereen
zaindari eta patroia
Bedeinkatu gure lanak
eta gure bihotzak.

San Antonio, San Antonio
San Antonio abadea.

Izan zaitez gure bide
onerako gidari,
bedeinkatu gure herri
eta gure famili.

San Antonio, San Antonio
San Antonio abadea.