Urdiaingo udal liburutegia da Guaixeren hemeroteka erakusten duen erakusketaren aurreneko geldialdia, astelehenaz geroztik eta hilaren 22ra arte handik pasatzen direnak Guaixe hilabetekariaren (1994-2003) eta Oixe astekariaren (2001-2003) aleak ttuttukatzeko aukera izanen dute. Argitalpenen orriak pasaz, erakusketako bisitariak jabetuko dira batzen gaituena euskara, Sakana eta Guaixe bera direla.
Erakusketa hartzen duen standean esertzen denak Guaixe eta Oixe zaharrak begiratzean bere burua, edo etxekoren bat topatu dezake. Hala bada, Guaixe fundaziotik zera proposatzen diogu: harekin argazkia egitea eta sare sozialetan argazkia #batzengaituena edota #Guaixe25 traolak erabiliz partekatzea. Photocalla egiteko markoa ere badago standean eta nahi duenak harekin argazkia egiteko aukera du. Azken horiendako eskaera bera egiten dugu, sare sozialetan aipatutako traolekin partekatzea. Argazki xalxeroaren egileari pertsonalizatutako Guaixe astekariaren azal bat oparituko dio fundazioak.
Urteurreneko erakusketa herriz herri ibili behar denez, standean dauden aleak bertan uztea eskatzen diegu bisitariei, Sakanan barna ibilbide luzea egin behar baitu. Bakarren batek arrazoi bereziren batengatik erakusketako aleren bat berarendako nahiko balu, admin@guaixe.eus e-posta helbidera eskaera idaztea besterik ez du. Artxiboan begiratu eta baldin badago, aipatutako alea oparituko dio fundazioak. Trukean alearekin agertzen den bere argazkia sare sozialen batean partekatzea eskertuko genioke.
Erakusketaren egutegia
Liburutegia Data
Urdiain Otsailak 11-22
Ziordia Otsailak 25-Martxoak 7
Altsasu Martxoak 11-29
Arbizu Apirilak 1-17