Arpilerazko mantak edo zakuak soinean, aurpegia estalia, ikusteko bi zulorekin. Horrela jantzitako pertsonaiak topatuko dituzu gaur, 16:30etik aurrera Urdiaingo kaleetan. Hori bai, argi ibili beharko da jendea, ihote-pertsonaiek eskuan zigorra dutelako eta jendea berotzeko prest daudelako. Haiek zirikatu nahi dituenak honako errepika esatea besterik ez du: Mantaguna, guna, guna, guna, zakuan kunkuna. 20:00etaraino kaleetan barna ibiliko dira.
Bihar momoxarro txikien txanda izanen da. 16:30 edo 17:00ak aldera aterako dira kalera, askotariko itxura hartuta. Batzuk ardi-narruak izanen dituzte soinean, besteek ohe-estalkiak, beste batzuek txano konikoa jantziko dute. Guztiek aurpegia estalia izanen dute eta farak izanen dituzte nondik dabiltzan jakiteko. Jendea zigorrekin berotzen ariko dira. Haurrek edozein mozorrorekin jantziko dira. 20:00etan geldituko dira momoxarroak eta orduan ohikoa izaten da txokolatea edatea. Astearte-inauterian 18:00ak aldera aterako dira momoxarro handiak. Txikien antzera jantzita, jendea lasterraldi ederrak eginen ditu haiengandik urrun mantendu eta kakilkazorik ez jasotzeko. Bai txikiak bai handiak zirikatzeko honako errepika erabiltzen dute: momoxarro xirrikiti xarro, esportero molinero, zaia janda putza gero, arre konpañero. 20:00etan aurpegiak agerian geldituko dira. Ihotea despeditzeko kuadrillek sorgin-afariak eginen dituzte.