"Une berezia da Mikel Deunaren irudia santutegitik jaistea"

Erkuden Ruiz Barroso 2019ko api. 18a, 08:57
Iaz motxilan eraman zuen Mariano Zubiria Galarzak Mikel Deunaren irudia. NEREA MAZKIARAN

Mariano Zubiria Galartza urdiaindarrak Pazko-igandean, urtero, Mikel Deuna aingeruaren irudia santutegitik Baraibarrera jaisten du. Ondoren, aingeruak Nafarroako 300 herri baino gehiago bisitatzen ditu

1. Noiz hasi zinen Mikel Deuna irudia jaisten?
Aurten 27 urte egingo ditut. Aurretik Tolosako mendizale batek, Seve Peñak, jaisten zuen. Urte askotan jaitsi izan zuen. Urteak pasa ziren eta adinagatik erreleboa pasa zidan.

2. Zergatik hartu zenuen zuk ardura hori?
Urdiaingoa naiz, baina orain Lekunberrin bizi naiz. Mikel Deuna santutegiko garaiko don Inocencia Ayerbe apaizaren meza-laguntzaileak ginen. Bederatzi urterekin igo nintzen hainbat lagunekin batera, eta 17 urtez egon nintzen. Mikel Dunarekin lotuta egon gara, beraz. Lehen ere prozesioan jaisten ginen. Seve zahartzen ari zen eta erreleborako unea iritsi zenean, ni santutegian egona nintzenez, egokitu zitzaidan.

3. Haurra zinenean, beraz, santutegian egon zinen. Zer egiten zenuten?
Lehengo apaizek meza egiteko laguntza behar zuten. Mikel Deuna santutegian familia bat bezala egoten ginen. Uharteko emakume batzuk egoten ziren, baita Urdiaingo eta Uharteko mezalagun gehiago ere. Bertan bizi ginen eta lanak egiten genituen: santutegira joaten zen jendeaz arduratzen ginen eta abar.

4. Mikel Deuna zuretzat oso berezia da. Are gehiago Pazko egunean santutegitik jaisten duzunean.
Asebetetzea da, bai. Oso gustura egiten dugu. Asmo horrekin nabil eta ahal den bitartean hortxe ibiliko naiz. Momentu berezia da Mikel Deuna aingerua jaistea. Ohore bat da. Harro. Gainera, hainbeste jenderekin jaistea oso polita da. Oso gustura jaisten gara. Mikel Deuna Nafarroan oso maitatua da. San Fermin eta San Francisco Javier pare horretan. Kontuan izan behar da udaberrian, urtero, 300 herri baino gehiago bisitatzen dituela. Eta hori oso sartuta dago. Jendeak asko maite du. Batez ere iparraldean. Agian Erriberan ez da hain ezaguna.

5. Nola jaisten duzu? Zerbait berezia behar da?
Ez da ezer berezirik jakin behar. Bizkarrean lotuta uhal bat jartzen da eta makila uhal horretan sartzen da erosoago eramateko. Joan den urtera arte makilan eramaten genuen. Baina mendiz jaisten denez, irristatzeko arriskua handia zen eta joan den urtean irudia motxila batean sartuta jaitsi nuen. Aurten ere motxilan eramateko asmoa dut. Gari honetan eguraldi txarra izan ohi da eta lurra bustita egon ohi da. Irristatzeko arriskua dago. Eta, noski, Mikel Deuna lurrera joaten bada pena izango litzateke. Ez dut lehenengoa izan nahi aingerua bota eta hausten duena. Izan ere, irudiak 13 kilo ditu eta makilarekin 14 kilo pasa. Baraibarrera iritsi aurretik motxilatik atera eta makilan jartzen dugu.

6. Aurretik sustoren bat izan duzue?
Niri oraindik ez zait ezer gertatu, baina Severi behin erori zitzaion lurrera. Eguraldi aldetik denetarik izan dugu: urteak elurrarekin, beroarekin... eguraldia da dagoena eta horrekin jaitsi behar gara.

7. Santutegitik jaitsi eta Nafarroako 300 herri bisitatzen ditu aingeruak. Herri guztietara eramaten duzu?
Nik aingerua santutegitik Baraibarrera jaisten dut. Herrietan ez naiz ibiltzen. Lehenengo bidai hori mendiz egiten da betiko tradizioaren oroimenean. Gero kotxez ibiltzen da Mikel Deuna herriz herri. Festaren batean ere jaitsi izan dut.

8. Zenbat kilometro egiten dituzu?
Kilometrotan ez dakit. Lasai jaisten gara, prozesioan. Jende asko joaten da. Joan den urtean 80 edo 90 pertsona jaitsi ginen. Goitik 16:30ean jaisten hasten gara eta Baraibarreko sarrera 19:00etan izaten da. Beraz, bidean bi ordu eta erdi pasatzen dugu. Egoera normalean gutxiago kostatzen da, baina prozesioan jaisten garenez, lasai.

9. Noizko tradizioa da?
Hori galdera! Egia esateko, ez dakit. Urte asko eta asko. Beti ezagutu dut nik. Tradizio hau noiztik egiten den azaltzen duen dokumenturen bat edo zerbait dagoen ez dakit.

10. Nola ematen diote ongi etorria Baraibarren?
Baraibarrera iritsi aurretik, 600 bat metrora, apaiza, alkatea eta herritarrak ateratzen dira. Hor aldaketa egiten da eta Mikel Deunaren irudia alkateak edo beste pertsona batek hartzen du. Sarrera edo ongi etorria egiten zaio eta Baraibarrera jaisten da prozesioan. Plazan ebanjelioak leitzen dira eta larreen bedeinkazioa egiten da. Gero, parrokian, irudia adoratzera jendeari ematen zaio. Eta Baraibarren egiten du lehenengo gaua. Hurrengo egunean, astelehenean, meza egiten da eta Larraungo eta Araizko bailaratan herriz herri egiten du lehenengo astea. Nik hurrengo egunean apaiza laguntzen dut, eta goizean irudiarekin ibiltzen naiz. Baraibarretik Albizura doa eta 09:00etan meza egiten da. Gero 10:15ean Lezaetara iristen da eta handik Errazkinera jaisten da, 11:00etan. Betelun 12:30era iritsi da. Irudia Betelun uzten dut eta etxera joaten naiz.

11. Erretiratzeko garaia oraindik ez zaizu iritsi.
Ez, oraindik ez. Esaten den bezala indarrak dauden bitartean hor ibiliko naiz. Momentuz ongi nago, sasoiarekin eta gustura. Hasi nintzenetik orain arte, momentuz, urtero jaitsi dut, ez dut inoiz huts egin. Ahal dudan bitartean segituko dut. Ez dakit zenbat denbora izango den; urte pare bat edo hamar. Noski, noizbait erreleboa etorri beharko da. Ez da nik pentsatzeko gauza bat. Ziur norbait egongo dela hartzeko prest.