Bi txirrindularitza proba Urdiainen

Guaixe 2019ko eka. 28a, 11:19
Burunda Txirrindularitza Klubak antolatuko ditu bi lasterketak.

Bihar, larunbatean, eskolen mailako ginkana eta lasterketak izango dira 17:00etan eta asteartean kadeteen mailako II. Urdiain Saria jokatuko da 17:30ean

Urdiaingo San Pedrotan bi txirrindulari lasterketa izango dira. Lehenik eta behin, eta tradizioari jarraiki, festen hasierako egunean, larunbatean, eskolen mailako txirrindularitza lasterketa izanen da Urdiainen. Hasi berriak, promesak, kimuak eta haurrak arituko dira lanean, ginkana probetan lehenik, eta lasterketetan ondoren. Guztia antolatzen Burunda Txirrindulari Taldekoak ibiliko dira.

Txirrindularitzarekin bigarren hitzordua astearterako dago aurreikusia. Kadeteen mailako tropelak hartuko die lekukoa txikienei. Kadeteen II. Urdiain Saria dago jokoan, 51 km-koa, Urdiain, Iturmendi eta Ziordia artean jokatuko dena. Burunda Txirrindulari Taldeak antolatu du proba, hainbat babesleren laguntzarekin. Asteartean, garilaren 2an abiatuko dira kadeteak, 17:30ean, Urdiaingo plazatik.

Altamira bitan
Ibilbideari dagokionez, hasieran Iturmendiraino joango dira txirrindulariak, buelta hartu eta Ziordiraino heltzeko. Ziordian norabidea aldatu eta Olaztin sartuko dira, Altamira igo eta Altsasura jaisteko. Altsasutik aurrera jarraituko dute, atzera ere Iturmendiraino. Han buelta hartu eta berriz Ziordiraino joko dute, itzuli egin eta, atzera ere, Altamira igo eta jaisteko. Altamira bigarren aldiz igo eta jaitsi ondoren Urdiaingo helmuga izango dute helburu txirrindulariek. 


Aurreko urteko lasterketan orduan kadete mailan aritzen zen Burunda klubeko Iker Mintegi altsasuarrak irabazi zuen lasterketa, helmugako esprintean Igor Arrietaren aurrean gailendu eta gero. Horretaz gain, mendiko saria lortu zuen altsasuarrak eta bere taldea, Burunda klubeko Quesos Albeniz, izan zen onena.