Bihar, Sakanako Haur Triatloia Urdiainen

Guaixe 2019ko uzt. 19a, 13:58

Nafar Kirol Jolasetarako baliagarria izango da Mank-ek antolatutako proba eta Urdiaingo igerilekuetan jokatuko da, bihar, larunbatarekin, goizeko 10:00etatik aurrera

Sakanako Mankomunitateak antolatuta, bihar, garilaren 20an, larunbatean, 10:00etatik aurrera, XVIII. Sakanako Triatloia jokatuko da Urdiaingo igerilekuetan. Igeriketa probak Urdiaingo igerilekuetan jokatuko dira, txirrindularitza probak igerileku ondoko paraje ederretan, Urriztin eta Saraben, eta eta korrika proba Urrizti inguruetan. Sakanako Mankomunitateak Nafarroako Triatloi Federazioaren, Nafarroako Gobernuaren, Aitziber elkartearen eta Urdiaingo Udalaren laguntza du guztia behar bezala prestatzeko. Aurreko urteetan bezala, Urdiaingo triatloi proba Nafar Kirol Jolasetarako (NKJ) baliagarria izanen da.

100 triatleta inguru

XVIII. Sakanako Haur Triatloian aritzeko triatleta gazteek aurretik izena emana beharra zuten www.navarratriatlon.com web gunean. Erredakzioa ixtean 100 triatleta inguru zeuden izena emanda. Nolanahi ere, informaziorako Mank-eko Kirol Zerbitzura hots egin daiteke (948 464 866 telefonoa).
orietako batzuk sakandarrak dira, Sakana Triatloi Taldekoak eta Mank-ek antolatutako Sakanako Triatloi Campusean parte hartzen diren neska-mutikoak. Ikasitakoa praktikan jartzeko primerako aukera dute bihar Urdiainen.

Igeriketa segmentua Urdiaingo igerilekuan jokatuko da. Bizikleta tarterako betiko zirkuitu ederra prestatu dute, Urdiaingo igerilekuetako bidetik abiatu eta Sarabe parajean barna gauzatuko dena. Eta korrikako segmentua egiteko ere zirkuitua antolatu dute igerilekuetatik gertu.

Triatletek derrigorrezkoa izanen dute kaskoa eta mendiko bizikleta erabiltzea. Aipatzekoa da probak irauten duen bitartean juniorrek eta kadeteek ezingo dutela kanpoko laguntzarik jaso; gainontzeko mailetakoek laguntza jaso ahal izango dute, baina soilik epaile, teknikari edo antolakuntzako partaideen laguntza, arazo mekanikoak konpontzeko. 
roba gauzatzen den bitartean ibilbidea zaindua, markatua eta trafikoari itxita egonen da.

09:30etik aurrera material kontrola
Sakanako Haur Triatloian parte hartzen lehenengoak juniorrak eta kadeteak izango dira, goizeko 10:00etan. Dena den, parte-hartzaileak goizeko 09:30etarako gerturatu beharko dira Urdiaingo igerilekuetara, Nafarroako Triatloi Federazioaren material kontrola pasatzera. Kategoria bakoitzeko probak hasi baino lehen material kontrola pasa beharko dute partaideek.

Lan guztiak egin eta gero, bukaeran triatleta guztiei ogitartekoa eta fruta banatuko zaizkie. Igeriketa, txirrindularitza eta atletismoa uztartzen dituen kirol honetaz gozatzeko primerako aukera dute txikienek, paraje zoragarrian. Eta, jakina, haiek animatzera joatera gonbidatu ditu Mank-ek, goiza ederra pasatzera.

Aurreko urtean 100 triatleta inguruk parte hartu zuten Sakanako Haur Triatloian, 16 inguru sakandarrak, tartean Sakana Triatloi Taldeko neska-mutiko gaztetxoenak eta Sakanako Triatloi Campusean parte hartzen ari ziren gaztetxoak.

Ordutegia eta distantziak

Juniorrak (2001-2000): 10:00etan (513 m igeri (19 luze), 10 km bizikleta, 3 km korrika)

Kadeteak (2004-2003-2002): 10:00etan (513 m igeri (19 luze), 10 km bizikleta, 3 km korrika)
Haurrak (2006-2005): 11:25ean (378 m igeri (14 luze), 5 km bizikleta, 1,5 km korrika)
Kimuak (2008-2007): 12:15ean (189 m igeri (7 luze), 3 km bizikleta, 750 m korrika)
Benjaminak (2010-2009): 13:05ean (81 m igeri (3 luze), 1,5 km bizikleta, 350 m korrika)
Aurre-benjaminak (2011): 13:30ean (54 m igeri (2 luze), 1 km bizikleta, 200 m korrika)