Kaluxa hankaz gora

Guaixe 2019ko urr. 28a, 11:06
Kaluxa kaleko lanen ikuspegia udaletxetik.

Herri erdiguneko kalea berritzeko lanak egiten ari dira. Eta, ondoren, De Felipe eta Bentalde kaleen txanda izanen da.

Kaluxa kalean makinak nagusi dira azken asteetan. Kale horretako sareak eta zorua berritzeko lanak egiten ari dira eta ezohiko itxura du kaleak. Urdiaingo Udalak 294.300 euro bideratu ditu lan horietara. Baina bi dirulaguntza jaso ditu. Batetik, Nafarroako Gobernuaren 205.800 euro. Eta, bestetik, Sakanako Mankomunitatearen 68.000 euro. Izan ere, ibarreko erakundearen eskumena da hornitze eta saneamendu sareak egitea. Lan horiek abendurako despedituko dituzte. 

Haiek despedituta, obretarako makinak herrian behera eginen dute, De Felipe eta Bentalde kaleetara hain zuzen ere. Bi kale horietako sareak eta zoladura ere berrituko dute. Haien aurrekontua 495.300 eurokoa da. Haietatik 346.000 euro Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza dira eta beste 124.300 euro Sakanako Mankomunitatearenak. Bi kale horietako lanak martxorako despedituko dituztela aurreikusten da.

Bideak
Basoko bideak konpontzen aritu da Urdiaingo Udala udan. Aizkibilgo (Maubiako pistatik Intxusbururantz) eta Bustintza bideak konpondu dira. Duela bi aste, gainera, San Pedroko bidean, Basoegalan, harri lubeta egin berri dute, erreka bidean azpilana egiten ari baitzen. Lanek 56.000 euroko aurrekontua izan dute eta Nafarroako Gobernuak 31.700 euroko diru-laguntza eman zuen. Bestetik, aziendarendako azpiegiturak ere berritu ditu Urdiaingo Udalak, zehazki Erdofe (640 metro) eta Santa Marinarako (330 metro) bideak konpondu ditu. Lan horien aurrekontua 66.245 eurokoa izan zen, foru administrazioaren 35.500 euroko laguntzarekin osatu zena. 

Inbertsio horiei aurre egiteko Urdiaingo Udalari ongi etorri zaio baso aprobetxamenduetatik ateratako dirua: 96.500 euro hain zuzen ere. San Pedroko bidean, bargan eta Urriztin egur loteak saldu ditu.