Txirrindularitza

“Gustuko duzunean lan egitea oso zaila da eta aukera hori ezin nuen galdu”

Maider Betelu Ganboa 2019ko aza. 15a, 10:10

Pablo Urtasun urdiaindarra Kern Pharma UCI kontinental mailako talde profesional berriko zuzendaria izango da

Pablo Urtasun Perez 12 denboralditan txirrindulari profesionala izan zen, Kaiku, Liberty eta Euskaltel Euskadi taldeetan. Talde laranjan egin zituen bere urterik onenak, urrezkoak. Txirrindulari izateari utzi, eta Team Ukyo talde japoniarrean zuzendari lanak egin zituen bi urtez. Eta txirrindularitza utzi eta beste lanbide batean hasi eta gero, sorpresa iritsi da. Kern Pharma UCI kontinental mailako talde profesional berriko zuzendari berria izango da urdiaindarra. 

Team Ukyo talde japoniarreko zuzendari izan zara bi urtez. Zergatik utzi zenuen?
Japoniako Team Ukyo taldearekin bi urte egon naiz zuzendari lanetan. Hasieran deitu nindutenean euren ideia Europara etortzea zen, bertako lasterketetan aritzeko. Horrek ahalbideratzen ninduen etxean gehiago egotea, Japonian tarte laburra egiten baikenuen, eta baiezkoa eman nuen. Horrela, bi urtez Japonian baina bereziki Europako lasterketetan aritu ginen, gustura. Baina badirudi sponsor batek huts egin ziola Team Ukyori, eta aurrekontu gutxiagorekin taldeak erabaki zuen jada ez zela Europako probetan arituko. Taldean jarraitzeko eskaintza egin zidaten, baina horrek Japonian lan egitea eskatzen zuen eta familiarekin hitz eginda, Team Ukyo uztea erabaki nuen. Une horretan ez zegoen txirrindularitzan jarraitzeko beste aukerarik, lana bilatu nuen eta Sakanako enpresa batean hasi nintzen lanean. 

Baina gutxi iraun du fabrikako lanak, ezta?
Juanjo Orozek deitu ninduen Kern Pharma taldeko zuzendari izan nahi ote nuen proposatzeko. Txirrindularitzan sortu den talde berria da Kern Pharma, UCI kontinental mailako talde profesional berria, Lizarte afizionatuen taldetik sortua. Manolo Azkonak eta Juanjo Orozek urteak zeramatzaten Lizarte taldea gidatzen, Kern Pharma eurekin jarri zen harremanetan eta hortik sortu zen proiektua. Proiektua luzerako dela dirudi, Oroz lagun handia dut, eta berriz txirrindularitzara bueltatzea erabaki nuen. Gaur egun gustatzen zaizun lekuan lan egitea oso zaila da eta aukera hori ezin nuen galdu. 

Egiturako elementu batzuk afizionatuen Lizarte taldearekin konpartituko dituzue?
Bai, finean Kern Pharma Lizartetik sortu da, nolabait esanda Lizarteren jarraipena edo Lizarteren profesional taldea izango da. Guztia nahiko bat eginda dago eta buru berberak izango ditu. Horrela, arropa-etxea eta bizikleta berdinak izango ditugu, baina bakoitzak bere diseinua eta kolorea izango ditu. Dena den, bi taldeak nahiko bateratuta egotea nahi dugu, bi taldeetako txirrindulariak elkarren artean ezagutzea, lasterketa batzuk elkarrekin egitea eta beste; denok bat egin nahi dugu. 

Kern Pharma zuzentzen bakarrik ariko zara edo Juanjo Orozekin batera?
Bion artean egingo dugu lana. Juanjok dioenez, nahiko lan ere izango du errepidetik kanpo, bulego lanetan. Ikusiko dugu nola banatzen ditugun lasterketak, baina printzipioz lasterketa gehienak bi zuzendarienak dira eta hor ariko gara biak. 

Taldea osatzen zerotik hasi zarete edo taldea perfilatuta zegoen?
Txirrindulari gehienak itxita daude, asko Lizarte taldetik datoz. 13 txirrindulari dira, 14 gehienez. Orain zerotik hasi gara kotxeak, autobusak, diseinua, bizikletak... eta elementu guztiak zehazten. Dana begiratu behar da, dana prestatu... eta guztia urtarrilerako. Beraz, nahiko lanpetuta gabiltza. Ea dena ongi prestatzen dugun eta ongi hasten garen. 

Kontzentrazioren bat egin duzue txirrindulariekin egutegiak prestatu, materialak probatu eta eurak elkarren artean ezagutzeko?
Aurreko hilabetean Iruñean 3 egun egon ginen bilduta, hilabete honetan beste 3 eguneko kontzentrazioa egingo dugu azkeneko probak egiteko, eta abenduan 10 eguneko kontzentrazioa egingo dugu Mediterraneo aldean, Andaluzian, egun onak bilatu eta entrenamenduak luzatzen hasteko, taldea egiteko eta martxan jartzeko. Taldearen aurkezpena noiz egingo den oraindik ez da erabaki. 

Zein da taldearen helburua?
Hiru txirrindulari izan ezik, gainontzekoek profesionaletan debutatuko dute eta 23 urtetik beherakoak dira. Ideia da beraiek taldearekin batera heztea, lasaitasunarekin. Emaitzak lortzen badira ongi eta bestela ere bai. Nahi duguna da taldean eta txirrindulariengan hazkundea gertatzea, eta biak bat egitea, taldea handitu ahala txirrindulariek ere hori egin dezaten. 

Murias-Euskadi desagertu zen, baina Euskadik saltoa eman eta UCI Pro Team taldea da eta Kern Pharma talde kontinentala sortu da… gure txirrindulariek badute non aritu…
Azkenean sponsor batzuk desagertu dira, beste batzuk agertu dira... Juanjorekin honetaz hitz egiten, konturatu gara Kern Pharma proiektua beharrezkoa dela, txirrindulari eta auxiliar asko gurekin jarri direlako harremanetan beren burua eskainiz. Taldeak sortzeko, taldeak mantentzeko eta taldeak handitzeko beharra dago. Lizarteko auxiliar batzuk ere Kern Pharmara pasa dira eta hortaz ez genuen toki askorik. Hasiberriak gara, gurea momentuz talde apala da, badirudi proiektua luzerakoa doala eta handitzen joango dela baina momentuz pausuz pausu eta ikusiko dugu. 

Zein egutegi izango duzue? 
Oraindik ez dugu ezer lotua, baina gure ideia da Espainiako egutegi guztia egitea, Portugalgo gehiena eta Frantzian hainbat lasterketa egitea, gonbidapenak eskatu ditugu baina oraindik ez dugu erantzunik jaso. Zaila da horren azkar erantzuna jasotzea, lasterketetako antolatzaileak lehenik eta behin World Tour eta Pro Team taldeen erantzunen esperoan egoten baitira talde kontinentalei gonbidapena eman baino lehen. Hirugarren mailan gaude, eta maila horretan egonda zaila da oraindik erantzuna izatea. 

Zuen taldea beste aukera edo tranpolin bat da gurean trebatzen diren txirrindulariendako, profesionaltasunera igotzeko beste aukera bat izan dezaten.  
Hori da nahi duguna eta hori espero dugu, irtenbide bat gehiago egotea hemengo txirrindulariendako eta ea lan horretan mantentzen garen.