Alokairurako etxebizitza premiarik badago?

Guaixe 2019ko abe. 26a, 08:55
Urdiaingo ikuspegia.

Hori jakiteko Urdiaingo Udalak inkesta zabaldu du herritarren artean. Galdetegia abenduaren 30era arte erantzun daiteke. 

Urdiaingo Udalak jakin nahi du urdiaindarren artea etxebizitza alokatzeko zein premia dagoen. Horregatik, galdetegi bat prestatu eta urdiaindarren artean zabaldu du. Bost galderaz osatutako galdetegi anonimoa da. Erantzuna ematen duenaren generoa eta adina zehazteko eskatzeaz aparte, honako galderak daude inkestan: zenbat logelatako etxebizitza hartu nahiko lukeen errentan, zenbat denborarako alokatu nahiko lukeen etxebizitza eta atzenekoa errenta aitorpenean aitortutako diru sarrerak gutxi gorabehera zehaztea. Iradokizunak egiteko aukera ere ematen du inkestak. 

Interneten dagoen galdetegia, edo paperezkoa, hilaren 30era arte erantzun daiteke. Paperezko galdetegia erantzun nahi duten urdiaindarrek herriaren etxean jaso dezakete eta, behin beteta, han bertan utz dezakete. 

Zergatia
David Oroz Alonso alkateak azaldu digunez, etxebizitzen inguruan dugun kezkaren harira egin dugu galdeketa. Batez ere, gazteendako etxebizitzen inguruan dugu kezka. Bada ideia konpartitu bat  herrian esaten duena gazteek nahiko luketela emantzipatu, baina ez dutela etxebizitza bat alokatzeko aukera errealik”. Galdetegiko erantzunak jaso ondoren, Orozek azaldu digu udalaren nahia zein den: “urdiaindarren alokairuzko etxebizitzen eskaera kopuru potentzialaz ideia egitea. Horren inguruko hausnarketa ere zabaldu nahi dugu”. Alkateak gaineratu duenez, “udalak gai horretan nola lagundu dezakeen ere hitz egiten ari gara. Uste dut herri askotan gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari den gaia dela etxebizitzarena”.