Urdiaingo kintoak frontoian elkartu dira ostiralero ilbeltzaren 10etik. Javier Zelaiaren esanetara zortzikoa ikasten aritu dira. Eta haiekin batera, kinto gazteak ere aritu dira, heldu den urterako aurreneko dantza-ikastaroa jasotzen. Ordu beteko azken dantza saioa atzo izan zuten eyta hartan soilik kintoek dantzatu zuten. Gertu dagoen elkartean afari legea egiteko aukera ez zuten baztertu haiekin hitz egin genuenean. Sei dira aurten kintoak Urdiainen: Inhar Etxeberria, Daniel Arguelles, Patxi Arakama, Udane Aristizabal, Jone Apaolaza eta Irati Irigoien. Haiekin batera aipatu kinto gazteak eta kinto zaharrak ariko dira, 20 bat gazte guztira.
Ospakizunei dagokienez, baserritarrez jantzitako kinto-segizioa bazkaltzera elkartuko da gaur. Tripa bete, ondoren trikitilariak lagun, herrian barna arkume baten zozketarako txartelak salduko dituzte. Egitekoak despedituta elkarrekin afaldu eta frontoi azpiko egoitzan, “antroan”, parranda eginen dute gazteek. Hala ere, larunbat eguerdirako kalean izanen dira, poteoan, kintada eguna baita Urdiainen. Duela 25 urte kinto izandakoek plazan zortzikoa dantzatuko dute 11:30 aldera. Bazkaldu ondoren, arratsaldez, errotara eta Sarabeko baserrira joanen dira, bertakoen aurrean dantzatu eta dirua eskatzera. Handik bueltan afaldu eta ordu txikiak arte izanen dira kintoak parrandan.
Hala ere, domekan fresko izan beharko dute eta horretan Aitziber elkartean egindako gosariak lagunduko die. Handik plazara joanen dira, 12:00ak aldera, zortzikoa dantzatuko baitute. Kintoak dantzatzen duten bitartean segizioko kideak diru-eskea egiteko aukera baliatuko dute. Dantzaldiaren ondoren arkumea zozketatuko dute. Plaza utzita herriren goiko partean barnako kinto-eskean segituko dute gazteek. Eta eginkizun berarekin segituko dute beheko partean bazkaldu ondoren. Ibilbidea despeditu eta gero, afaltzera gelditu nahi duenak horretarako aukera izanen du, kinto ospakizunetako azken parranda egiteko.