Ihote egutegi urdiaindarrari hasiera mantagunak emanen dio bihar. Urdiainen 16:30etik 20:00etara behin baino gehiagotan esanen dute: mantaguna, guna, guna, guna, zakuan kunkuna. Hori esaten duenak lasterka alde egiteko prest egon beharko du, zigorren kolpeak jaso nahi ez baditu behintzat. Eta zeinek duen zigorra? Arpilerazko mantak edo zakuak soinean jantziak eta aurpegia zapiz estalita duten ihote pertsonaiak. Hala hasiko dira ihoteak Urdiainen.
Momoxarro txikien eguna izanen da domeka. 17:00etarako kalean izanen dira mamoxarroak. Soina estaltzeko batzuk ardi-narruak erabiliko dituzte, ohe-estalkiak besteek. Farak ere izaten dituzte. Haietako batzuek txano konikoa jantziko dute. Bestelako mozorroak ere ikusiko dira. Zigorra eskuan jendea berotzeko asmoz ibiliko dira batera eta bestera. 20:00etaraino hala egonen dira, orduan aurpegia ezkutatzeko erabilitako trapua kendu beharko baitute. Despeditzeko txokolate-jana izanen da plazan.
Asteartean momoxarro handien eguna da. Txikien modura jantzita, 18:00etatik 20:00etara bati baino gehiagori korrikaldi ederrak eginaraziko dizkiote. Bai momoxarro txikiak bai handiak zirikatu nahi dituenak honako errepika esan diezaieke: momoxarro xirrikiti xarro, esportero molinero, zaia janda putza gero, arre konpañero. 20:00etan aurpegiak agerian utziko dituzte momoxarroek. Ihote ospakizunak sorgin-afariekin segida izanen dute.