Eguraldia lagun, larunbateko Mantagunari lekukoa hartuta, giro polita sortu zen atzo Urdiainen. Atzo momoxarro txikien eguna zen eta momoxarro ugari animatu ziren aurpegia estali, makila hartu eta mozorrotu gabeak segitu eta zigortzera.
Bihar momoxarro handiak
Bihar, astearte ihotea, momoxarro handien eguna da Urdiainen. Txikien modura jantzita, 18:00etatik 20:00etara bati baino gehiagori korrikaldi ederrak eginaraziko dizkiote. Bai momoxarro txikiak bai handiak zirikatu nahi dituenak honako errepika esan diezaieke: momoxarro xirrikiti xarro, esportero molinero, zaia janda putza gero, arre konpañero. 20:00etan aurpegiak agerian utziko dituzte momoxarroek. Ihote ospakizunak sorgin-afariekin segida izanen dute.