Antton Zelaia

"Egindakoa Kipchogeri iristea nahi dugu"

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko mar. 13a, 11:28
Kigchoge maratoilariaren marka gainditzea lortu duten korrikalari sakandarrak.

Eliud Kipchoge korrikalariak maratoiko distantzia, 42 kilometro, 1:59_40 seungodtan egin zuen. Hamar korrikalari sakandarrek, aldiz, larunbatean marka gainditu zuten.

Antton Zelaia proba bitxiaren antolatzailetako bat izan zen.

1. Maratoi bat bi ordutatik jaistea. Zein zen asmoa?
Kipchogek 1:59:40tik behera egin zuen, eta denbora horretatik behera egitea zen asmoa. Maratoilari honek saiakera bat egin zuen Vienan eta bere asmoa zen bi orduetatik jaistea. Erakutsi nahi zuen gizakia kapaz dela horrelako abiadura batean maratoia korritzeko. Saiakera egin zuen aurretik ere, baina ezin izan zuen bete. Beraz, urrian egin zuen eta 20 segundo jaitsi zuen. Laguntzarekin egin zuen, zapatila bereziekin eta jendea aurrean haizeak ez emateko... Denbora ez dago homologatuta, baina ondo atera zitzaion. 

2. Eta nola sortu zitzaizuen marka hori gainditzeko ideia?
Mikel Berdudek, Iñaki Alvarok, Isidro Asurabarrenak, Raul Audikanak, Asier Estarriagak, Sergio Garcia de Eulatek, Juan Carlos Gomezek, Carlos Manerok, Iban Sobredok eta nik parte hartu genuen. Korrika egitea asko gustatzen zaigu. Korrikalari honek hau egin zuenean txundituta gelditu ginen. Pasada bat izan zen. Eta horri buruz egoten ginen hizketan: zer abiadura eramango zuen eta abar. Abiadura kilometro bat zenbat denbora egiten dugun kalkulatzen dugu, eta Kipchogek kilometroa bi minutu eta 40 segundotan egin zuen, hau da, 32 km orduko. Hori sekulako abiadura da, oso azkar egin zuen. Bi ordu jarraian aritu zen. Gu korrikan ibiltzen garenez, gizon honen ondoan zenbat denbora iraungo genukeen pentsatzen hasi ginen. Kalkuluak ateratzen 300 metro edo 200 metro izango zirela pentsatu genuen. Halako batean bati bururatu zitzaion proba bat egitea. 10 lagun elkartu eta gure neurrira egin. Bost pertsonaren artean ezinezkoa izango zen, eta zortziren batekin ere. Hamarren artean egiko esan genuen. Beste batzuk ezetz esaten zuten. 

3. Nolakoa izan zen proba? 
Dena prestatu genuen. Bizikleta batek abiadura markatzen zuen eta 200 metroka erreleboak egiten genituen. 34 segundotan 200 metroak egin behar genituen, eta bakoitzak 21 errelebo egin genituen.  Bueltaka hasi ginen eta hasieran bizikleta parean joaten ginen. Ahal genuela konturatu ginen eta aurreratu egin ginen. Oso azkar joan ginen. 10 edo 15 segundo jaitsi genuen marka. 10 tipo, 21 errelebo bakoitzak eta 34 segundotan errelebo bakoitza. Ondo atera zen dena. 

4. Dena oso ongi kalkulatuta zenuten. 
Hori da. Oso ondo kalkulatuta zegoen. Mugan ibili ginen. Askok esan zuten ez genuela beteko. Eta nik esaten nuen baietz, beste batzuk ezetz... Lehendabiziko erreleboetan oso azkar korrika egin behar genuen eta pentsatu nuen ez genuela lortuko... baina erdialdean ikusi genuen aurreratzen hasi ginela eta atera zen. Oso pozik. 

5. Noiz hasi zineten proba prestatzen?
Kipchogek egin zuena ikusi genuenean. Urria aldera. Horri buruz hizketan hasi ginen. Bagaude bi edo hiru maratoiko distantzia asko gustatzen zaigunak eta idolo bat bezala da. Lau edo bost hilabete daramatzagu horri bueltak ematen. 

6. Proba honetarako bereziki prestatu zarete?
Beti entrenatzen aritzen gara. Adibidez, larunbatean Laredoko 10 kilometroak daude, oso lasterketa ona, nahiz eta agian bertan behera utziko duten. Geunden hamarrak nahiko entrenatuta geunden eta lagunak ginen. Ez gara oso urrutira joan jende bila eta geundenak sasoian geunden. Gainera, bi lagun Londresko maratoira joateko prestatzen ari gara, nahiz eta dirudienez hau ere bertan behera geldituko den. Maratoi horretan Kipchogek parte hartuko du eta proba prestatzen ari ginen. Baina ez dugu ezer berezirik egin froga hori egiteko. Entrenamendu normalak. 

7. Beraz, maratoietan parte hartzea gustatzen zaizue?
Bai. Guztiei ez, baina hiruk edo lauk maratoiak egiten ditugu eta distantzia hori gustatzen zaigu. 

8. Zer moduzko esperientzia izan zen? Espero zenuten?
Izugarrizko esperientzia izan zen. Zerbait prestatzen hasten zarenean, gauza batzuk lortzea kostatu zitzaigula eta baimen batzuk eskatu behar izan genituela eta abar, azkenean nahiko luzatu zen eta dena prestatu, denbora, erreleboak nork-nori, bizikleta... Buruari buelta asko eman genizkion zer pasatuko zen galdetzen, eta ikusten duzunean dena ondo atera dela, oso pozik gelditzen zara. Gainera, proba gainditu dugu. 

9. Errepikatuko duzue?
Lehendabiziko gauza izan zen: eta hurrengoan zer. Baina orain arnas pixka bat hartuko dugu eta gero ikusiko dugu. Errelebo mistoak egitea proposatzen zuten, beste distantzia bat egitea... Izan ere, badago beste errekor bat 10 kilometrokoa baina askoz azkarrago egin behar da korrika. Distantzia motzagoa da, baina askoz azkarrago korrika egin behar da. Oraindik ez dugu ezer pentsatu. Momentuz bideo bat atera behar dugu, Altsasuko profesional batek egindakoa, eta gure helburua da Kipchogengana iristea da, eta ea zerbait esaten digun. Hori lortu nahi dugu. 

10. Kipchogek zapatila berezi batzuk eraman zituela aipatu duzu. Zuek zapatila horiek jantzi zenituzten edo zuen baliabideekin aritu zineten?
Nik ez. Nike markak maratoirako zapatila berezi batzuk atera ditu. Zolaren barruan lamina bat doa eta pixka bat bultzatu egiten zaitu. Bazterrak arrotu dituzte. Laguntzen dutela esaten dute, eta egia esan ikerketak egin dituzte eta laguntzen du. Distantzia motzetan ez omen da nabaritzen, baina luzeetan bai. Oso gutxi laguntzen du, baina minutu pare bat aurreratu daitekeela esaten dute. Izugarri garestiak dira eta ez dakit merezi duen. Baina jendea erotuta dago, eta oso zaila da zapatila horiek lortzea. Korrikalari honi bereziak egin zizkioten, bere neurrira eta dena. 

11. Horrek ez dio maratoiari eta korrika egiteari xarma kentzen?
Niretako, bai. Dopin antzeko bat da. Batzuk esaten dute zapatila horiekin korrika egiteko proba homologatua behar dutela... ez da tranpa egitea, baina laguntzen dute.