Urdiaingo sarrerak itxura berria du

Guaixe 2020ko mai. 22a, 10:09

Bentalde eta De Felipe kaleko lanak bukatu dira eta horiekin batera, herriko sarrera txukundu eta errepidea gurutzatzeko bi zebrabide goratu jarri dituzte

Bukatu dira Urdiaingo Bentalde eta De Felipe kaleetako sareak eta zoladura lanak. Bentalde kalea herriko sarreran dago, NA-2410 errepideari paraleloa den kalea da, eta, horregatik, lanak egiten ziren bitartean errepideko abiadura mugatu egin behar izan zuten. Aipatu bi kaleetako lanak egiteaz gain, herriko sarrera txukundu du Urdiaingo Udalak. Benta aurrealdea eta bi autobus geltokiak, Iruñea eta Gasteiz norabideetakoak, txukundu dira eta bertan espaloiak jarri dira, eta baita ere botikako ingurune guztian eta herriko sarreran. Horrekin batera, errepidea gurutzatzeko bi zebrabide goratu jarri dira, eta margo seinaleztapenak egin dituzte, besteak beste. Horrela, Urdiaingo sarrerak itxura txukuna eta berritua du eta bizilagunak pozik daude; zein txukun geratu den nabarmentzen dute. Bestalde, Bentalde kalean baterian aparkatuko da orain, eta auto gehiagorendako tokia dago. 

Lanak urte hasieran hasi ziren eta aste honetan bukatu dira. Koronabirusak sortutako alarma egoerarengatik bi aste egon ziren geldirik. Azken xehetasunak falta dira, azken margo seinaleztapenak margotzea, seinaleak jartzea, atez ateko zabor bilketarako poste edo zintzilikarioak jartzea eta landare edo apaingarriak landatzea. Bentalde eta De Felipe kaleetako sareak eta zoladura berritzeko lanek 495.300 euroko aurrekontua zuten; Nafarroako Gobernuak 346.000 euroko dirulaguntza eman du eta Sakanako Mankomunitateak 124.300 eurokoa, Mankomunitateari baitagokio uraren inguruko sareen lanak egitea.