Iñaki Berastegi

"Iritzi pertsonalerako lekutxo bat nahi nuen"

Erkuden Ruiz Barroso 2020ko mai. 22a, 13:47
Iñaki Berastegi kirol kazetaria. UTZITAKOA

Iñaki Berastegi kirol kazetari urdiaindarrak konfinamendua baliatu du proiektu berri bat hasteko: Youtubeko kanala.

Kirolari buruz hitz egiteaz gain, bere kazetari lana erakutsi nahi du Youtube kanalaren bidez. 

1. Nola bururatu zitzaizun Youtuben kanala irekitzea?
Ideia aspaldi nuen buruan. Euskadi Irratian Osasunaren partida eman behar nuen eta partidaren kontaketa nolakoa zen grabatzea bururatu zitzaidan. Hortik dator ideia. Partidaren prestaketa nola egiten nuen etxean, nola joaten nintzen zelaira eta abar. Baina gero han bakarrik nengoen eta ezin izan nuen nahi nuen bezain ondo grabatu eta erabaki nuen bideoa ez kaleratzea. Ikusi dut kazetari gazteek tresna hau erabiltzen dutela, nahiz eta hedabide batean lan egiten duten; bere ideiak sakonago lantzeko erabiltzen dute. Orduan, konfinamenduan denbora gehiago izan dudanez, aurretik nuen ideia hori garatzeko aprobetxatu dut eta martxan jartzea erabaki nuen. Euskaraz Youtuben kanal gutxi daude, bereziki futbolaren eta kirolaren inguruan eta hori ere arrazoi nagusietako bat izan da. Baina bereziki gai batzuk sakonago landu ahal izateko izan da. Niri iritzi pertsonala adierazteko lekutxo bat nahi nuen.

2. Zeintzuk dira sakondu nahi dituzun gai horiek?
Irratian edo zutabe bat idazten duzunean nolabait mugatuta zaude. Baina Youtuben ez duzu muga hori. Lehenengo pertsonan hitz egiten duzu eta zure iritzia da. Hedabideetan ere zure iritzia da, baina egunkariaren filosofiarekin lotuta dago. Hemen askatasun handiagoa duzu nahi duzuna esateko eta nahi duzun gai horretan zentratzeko, nahi duzun luzera eman dezakezu, zenbat gonbidatu nahi dituzun erabaki dezakezu… Askatasun horrek abantaila ematen dizu nahi duzuna eta nahi duzun moduan komunikatzeko. Adibidez, Osasunaren inguruko bideo asko egin ditut ezagutzen dudan gaia delako, ulertzen dudana, eta lan egiten dudan gai nagusia delako. Baina beste gauza batzuk landu ditut, adibidez, nazioarteko futbolaz. Irratian horri buruz gutxi hitz egin dugu. Beraz, erreminta honen alde hoberenetarikoa da denbora mugarik ez dagoela, iritzia eman ahal izatea, gauzak nahi duzun bezala kudeatzen dituzula eta abar. Oso tresna baliagarria da bereziki kazetarientzat. Aldi berean, hedabide batean lan eginda ere, bakoitzaren marka propioa sendotzeko balio du. Egun kazetari askok hori bilatzen dute. Sare sozialen bidez eta beste tresna hauen bitartez euren marka indartzea.

3. Beraz, helburua ere hori da, ezta?
Bai. Ni kazetari gisa gehiago ezagutzera ematea, erakustea egiten dudan lanaz gainera, partiden kontaketaz gainera, analisian ere zentratu naitekeela; analisia ere egin dezakedala. Proba modura ere bideoak editatzen probatu nahi izan dut. Esatari figura horretatik pixka bat analista figurara pasatu nahi izan dut. Ez bakarrik futbolean, beste kiroletan edo gaietan ere bai. Eguneroko kirola edo zuzeneko kirola ez dagoen egun hauetan presentzia mantentzeko ere balio dit. Nolabait esan daiteke balio izan didala ez oxidatzeko. Egunerokotasuna jarraitzeko eta aldi berean gai batzuk berreskuratzeko. Egunerokotasunetik at gelditzen diren gai horiek lantzeko.

4. Zerbait berezia ikasi duzu Youtuben hasi aurretik?
Youtuben bertan tutorial asko daude eta horiek baliatu ditut. Bereziki Filmora programa erabiltzen dut eta ondo. Nola funtzionatzen duen eta gauza berriak egiten ikasi dut. Marko batzuk eta miniaturak Photoshopean eta beste programa batzuekin egiten ikasi behar izan dut, eta horretan aditua den lagun bati esker ikasi dut. Bi gauza horiek izan dira. Skype-kin grabatzearena noizbait eginda nuen, baina ondo erabiltzen ikasi behar izan dut. Nahiko autodidakta izan da. Aparteko ezagutzarik gabe. Bideoak ez dira beste munduko kalitatekoak. Baina dauzkadan baliabide horiekin ahalik eta hobekien egiten saiatzen naiz.

5. Zein baliabide teknikoak erabiltzen dituzu?
Portatil bat, lanerako erabiltzen dudan portatil, web cam-a eta gamer antzeko kasko batzuk ditut. Euskalerria irratian konexioren batean sartu naizenean esan didate oso soinu ona dutela. Web cam-a erosi behar izan nuen portatilekoa erabiltzen nuelako, eta ez zen grabatzeko onena. OBS programa erabiltzen ere ikasten ari naiz, Youtuben etorkizunean eta harpidedun gehiago ditudanean zuzenekoak egin ahal izateko. Softwarean ere Filmora eta Photshop programak erabiltzen ditut, eta ez dut aparteko eszenatokirik erabiltzen. Etorkizun luzeago batean croma bat erabiltzea pentsatu dut, atzetik irudiren bat txertatzeko. Foko bat daukat eta agian beste bat beharko nuke argia benetan ona izan dadin.

6. Etorkizunean jarraituko duzu?
Bai. Zalantza nuen, badakigunez euskaldunon merkatua edo publiko potentziala mugatua delako eta kirola delako; askotan futbola. Baina bereziki euskaraz delako. Ez dago konparatzerik gaztelaniazko hedabide batekin edo youtubeko kanal txiki batekin. Begiratzen aritu naiz eta lan berdina egin dezakeen kanal txikiek nirea bezalakoak direnak baina erdaraz eta askoz ikustaldi eta harpidedun gehiago dituzte. Horrek pixka bat frustratzen zaitu, baina nik hasieratik onartu nuen ez dela irabazi edo etekin ekonomikoak ateratzeko. Nire marka lantzeko eta ez oxidatzeko da. Horrenbestez, zalantza nuen nola funtzionatuko duen, eta egia da gustura aurkitu naizela bideoak egiten. Beste ezagutza batzuk lortu ditut eta nahi nituen gaiak landu ditut. Horrenbestez, aurrera jarraitzeko asmoa dut.    Lanera egun osoarekin itzultzen naizenean ikusiko dut nola uztartzen ditudan. Zailagoa izango da eta ea zer erronka eragiten didan. Baina, aldi berean, laneko gauzak grabatzeko aukera izango dut. Horrek plus bat emango dio.

7. Nola izan da zure burua grabatzea? Lotsa sentitu zenuen?
Normalean irratian aritzen garenok badugu babesleku hori, ez gaituztela ikusten, gure keinuak ez direla ikusten. Alde horretatik, lotsa apur bat sentitu nuen. Beste bideo batzuetan edo telebistako momentu batzuetan agertu naiz, analisiren bat egiten Hamaika telebistan edo Euskal telebistan. Baina desberdina da. Azkenean, telebistan zuzenean ari zara edo momentu hori harrapatu behar duzu, baina Youtuben zeuk bideoa grabatzen duzu, zeuk editatzen duzu eta zeuk igotzen duzu. Protagonista zeu zara. Gainera, bideoa sare sozialetatik zabaldu behar duzu. Hortik gertuko publikoa sartzen zaizu eta telebistan ez da hainbeste gertatzen. Horregatik hasieran lotsa apur bat sentitu nuen, baina bigarren bideotik aurrera erosoago sentitu naiz. Gainera, ez naiz beti ni bakarrik agertzen, gonbidatuak eta elkarrizketatuak izaten ditut.

8. Goi mailako kolaboratzaile, gonbidatu eta elkarrizketatu, gainera.
Lehenik eta behin guztiak euskaldunak dira. Eñaut Agirrebengoarekin Osasunari buruz hitz egin dut, Alessandro Ruta kazetari italiarrarekin Italiako eta euskal futbolaz hitz egin nuen, gero sare sozialetan sortu zen kazetariekin eta kirolariekin tertulia antzeko bat egiteko ideia, eta Beñat Zarrabeitia Hamaika telebistako kazetariarekin batera asmoa da astean behin edo bi astean behin bera eta ni agertzea Sasoia deitutako tertulia horretan. Lehenengoan Odei Martin eta Mikel Gurrutxaga futbolariak egon ziren eta bigarrenean Pello Bilbao eta Gari Bravorekin txirrindularitzaz aritu ginen. Elkarrizketak ere egiten ditut. Ander Izquierdo Anaitasunako jokalariari eta Leti Canales surflariari egin dizkiot. Inprobisazio pixkarekin egiten dut. Saiatzen naiz asteburuetan ez grabatzen edo ez publikatzen.


Leti Canales surflariari elkarrizketa Iñaki Berastegiren Youtube kanalean. UTZITAKOA

9. Eta etorkizunean zer ikusi ahalko da zure kanalean?
Orain arte emakume gutxi sartu ditut. Hasieratik buruan izan dut. Orain dela bi aste elkarrizketatu nahi izan dut Canales, baina oso lanpetuta egon da surfaren bueltarekin. Azkenean, lehenengo emakumea kanalean sartzea gehiago kostatu zait. Futbolaren buelta posible horren inguruan dudarik gabe bideo bat egongo da eta Osasunaren inguruan udako merkatua eta fitxaketen inguruko analisi pare bat ere bideo bat egingo dut. Sasoia tertuliarekin jarraituko dugu eta hurrengoa emakumeekin egindako tertulia izatea nahi dut, saskibaloiaz. Elkarrizketetan buruan daukat Irene Paredes PSG taldeko futbolari gipuzkoarrari egitea. Twitterren ere iritzia eskatu nuen. Garrantzitsua da jendeari nahi duena ematea eta fitxaketak eta koronabirusaren eragin ekonomikoen inguruko gaiak atera ziren. Baina zehazki dakizkidanak tertuliak eta Osasunaren eta futbolaren inguruko bideoak dira. Bereziki egitea gustatuko litzaidakeena da bideo bat partida bat nola prestatzen dudan ikusteko. Futbola hasten denean eta Euskadi Irratian nagoenean prozesu hori grabatzea nahi dut: taldearen partida zahar bat ikusten dut, aurkarien partida bat, laburpenak, datu interesgarriak apuntatzen ditut, hamaikakoak, esatariaren tresnak edo mahaia prestatzen, kontakizuna egiten eta ondorengo elkarrizketak eta prentsaurrekoak. Uste dut oso interesgarria izan daitekeela, eta jendeak ikusi nahi duela. Jendeak irratian partidu bat entzuten duenean ez daki atzean dagoen lan hori. Askotan esan didate: “zortzi ordu horretarako?”.

10. Zer moduzko harrera izan du kanalak?
Gustatuko litzaidake jende gehiagok ikustea. Batzuetan gertatu zait bideo batzuekin pentsatzen nuena baino harrera hobea izan dutela, eta gero beste bideo batzuekin uste nuela kanalean ikusienak izango zirela, eta ez dutela horrenbesterako harrera izan. Horrek eman diozun hedapenean pentsatzera eramaten zaitu. Denbora ere kontuan hartu behar da. Tertuliak luzeak izaten dira, ordu batekoak, eta horrek jendea atzera botatzen duela uste dut. Baina ez da zertan tertulia guztia ikusi behar; zati interesgarriak daude. Kontsumitzeko errazagoa da 20 minutuko bideoak eta normalean 20 eta 30 minutuko tarte horretan egoten naiz. Esan bezala, bideo batzuekin harrituta gelditu naiz izan duten harrerarekin eta beste batzuekin guztiz kontrakoa. Analizatu behar dut zergatik izan den, ez dudalako behar bezala hedatu, gaiarekin lotutako arrazoiren batengatik edo beste arrazoiren batengatik izan den. Ea aurrera noan heinean jende gehiago etortzen den kanalera. Jakinda publiko potentziala txikia eta mugatua dela eta sare sozialetan ez ditudala hainbeste jarraitzaile. Uste dut nahiko ondo atera direla hiru aste hauek.

11. Youtubek hizkuntza propioa du, erabiltzen duzu?
Informalagoa da. Orain esatari edo profesional maila horretan nago, baina askatzeko prozesuan nago. Umore gehiago sartzeko edo Youtubeko kanal ohikoetara joateko asmoa dut. Egia da saiatzen naizela modu profesionalean egiten iritzia edo analisia egiterako orduan. Irratian horrela egiten dut eta horrela ikasi dut, baina egia da Youtube erreminta desberdina dela. Umorea eta bideo korteak egitea interesgarria da eta landu nahi dudan bidea da. Askatzea eta informalagoa egitea. Bestela, oso zurruna gelditzen da bideoa. Lehenengo bideoan analisia sakona egin nuen, eta ikusten zitzaidan zurruna gelditzen zela. Ni bakarrik agertzen naiz bideoan, eta hitz egiteko orduan informalagoa eta umore pixka bat sartu behar da. Analisia egitea bai, baina uste dut Youtube entretenimendua ere badela eta momentuz uste dut gehiago analisia dela eta entretenimendua falta zaio.

Erlazionatuak