Nafarroako Gobernuak emandako doktoretza egiteko beka jaso du Nerea Berastegi Zufiaurre urdiaindarrak. Beka deialdira 98 ikertzaile aurkeztu ziren, eta hamaikek jasoko dute azkenean haien proiektuetan garatu ahal izateko dirulaguntza. Hamaika horietatik Berastegi. CIMA Nafarroako Unibertsitateko ikerketa zentroan leuzemia mieloide akutuaren inguruan ikertzen ari da.
Zer sentitu zenuen Nafarroako Gobernuak ematen dituen doktoretza egiteko beka eskuratu zenuela jakitean?
Ez nuen espero, eta oso pozik hartu nuen. Konpetentzia handia dago. Nire izena zerrendan ikusi nuenean saltoka hasi nintzen. Ez nuelako espero. Nire zuzendaria ondoan zegoen eta bera ere saltoka hasi zen; poz-pozik.
Zertan datza beka hori?
Doktoretza egin ahal izateko beka bat da. Nire soldata izango da. Azkenean, doktoretza lan bat da, orduan, gure soldata lortzeko beka bat eskatu behar dugu. Nafarroako Gobernuak ematen duen beka hori gure soldata izango da doktoretza irauten duen hiru urtetan zehar.
Beraz, oso garrantzitsua da beka bat jasotzea.
Hasiera batean nire zuzendaria denak urte bat eskaini zidan. Berak urte bat ordainduko zidala esan zidan. Orain urte horren barruan nago. Orduan, urte honetan saiatu behar nintzen beka bat lortzen. Oso eskertuta nago urte honetarako finantziazioa eman zidalako. Nigan sinistu zuelako. Orain, pozik nago beka lortu dudalako eta nire kontu nagoelako.
Beka jaso izan ez bazenu, ikerketa hori bertan behera geldituko litzateke?
Printzipioz, zuzendariak finantziazioa lortzeko urte bat eman zidan. Berak uste zuen beka bat lortzeko aukera nuela. Lortu izan ez banu… ez dakit. Ez nuen pentsatu nahi. Saiatuko nintzela pentsatu nuen; lortzen banuen lortuta zegoen, eta ez banuen lortzen ikusiko nuen zer egingo nuen…
Nolakoa izan da beka lortzeko prozesua?
Hasteko lehenengo fasea dago, eta lehenengo fase horretan ebaluatzen zaituzte zu eta zure esperientzia akademikoa unibertsitate ikasketetan zehar. Masterreko notak ez du balio. Publikazioak edo posterrak ere kontuan hartzen dituzte. Ni lehenengo mailan nago eta aurten doktoretzan matrikulatu naiz, orduan, nik publikazioak izatea oso zaila da. Aurkez daitezke ere beste maila batzuetan dauden doktoregaiak, eta haiek publikazio gehiago izan ditzakete. Behin lehenengo fasea pasata proiektua eta zuzendaria baloratzen zen. Lehenengo fasea pasatu nuenean pentsatzen nuen akats bat zegoela, ni lehenengo mailan egonda unibertsitatean egindako posterren bat daukat, baina ez dut artikulu zientifikorik aldizkarietan publikatuta. Baina pasa nintzen. Proiektua baloratu zuten, zuzendariak baloratu zituzten eta ondo joan da dena.
Masterra aipatu duzu, doktoretza egiteko aurretik masterra egin behar duzu, ezta?
Bai. Derrigorrezkoa da masterra edukitzea doktoretza egiteko, baina ez da bekarako puntuagarria.
Zein master egin zenuen?
Nafarroako Unibertsitatean biomedikuntzako ikerkuntzan masterra egin nuen, minbiziaren espezializazioan. Masterrean Master Amaierako Lana egin behar duzu, eta orain nagoen hemato onkologia taldean egin nuen. Zuzendariak esan zidan: "Begira, Nerea, gustatuko litzaizuke gero tesia egitea?". Eta abentura hasi nuen.
Zer ikertzen ari zara?
Proiektua leuzemia mieloide akutuaren inguruan da. Leuzemia mieloide akutua odoleko gaixotasun bat da, non zelulak ez daukaten desberdintzeko gaitasunik eta zoru moduan ugaritzen hasten diren; hezur muin guztia hartzen dute eta bertako ehun hematologikoa baztertzen dute. Berehala tratatzen ez bada hilgarria da, eta pronostiko txarra dauka. Leuzemia hori izan daiteke de novo sortzen dena edo beste gaixotasun batzuen ondorioz sortzen dena. Horien artean odoleko mielodisplasia deritzona dago: odoleko zelulek ez dute desberdintzeko ahalmenik. Orduan, bi mota horiek tratatzeko modua oso antzekoa da, nahiz eta klinikoki oso desberdinak izan. Bigarrenak askoz pronostiko okerragoa du eta terapiekiko askoz erresistenteagoa da. Guk proposatzen duguna da maila molekularrean bien arteko konparaketa egitea, azken helburua diana terapeutiko berriak bilatzea da; pertsona horien tratamendua hobetzea edo behintzat pronostikoa hobetzea.
Eta ikerketa zein fasetan dago?
Master Amaierako Lana hemen hasi nuen, eta beka eman didaten proiektu hau nahiko berria da. Horregatik, ni orain mielodisplasian nago. Leuzemiaren aurreko gaixotasuna da. Diana terapeutiko batzuk testatzen ari dira. Hurrengo pausua leuzemiarako pausu hori izango da. Ikerkuntza motela da.
Nola egiten da horrelako ikerketa bat?
Azaltzea zaila egiten zait ohituta nagoelako zientziaren munduko jendearekin hitz egitera. Beka eman didaten proiektu hau Carlos III Osasun Institutuak emandako proiektu baten barnean dago ere. Proiektua urtarrilean hasi zen. Orain laginak jasotzen gabiltza. Salamancan, Bartzelonan eta hemen Nafarroako Unibertsitate klinikan kolaboratzaile batzuk ditugu, eta gaixotasuna duten pertsonen laginak iristen zaizkigu. Lagin tamaina egokia bilatzen joaten gara, eta gero gaurko teknologia nahiko puntako diren genomikarekin maila transkripzionalean deritzonean zein ezaugarri dituen aztertzen dugu. Gaixo horiek mielodisplazia ondoren dauden konparatuko dugu. Hasten gara poliki pazienteek dituzte ezaugarri horiek ikusten eta gero ezaugarriren bat aukeratuko dugu zeluletan edo animalietan probatzeko. Lehenengo zeluletan egiten da, eta ondo ateratzen bada animalienganako salto hori egin daiteke.
Emaitzak argi ikusten dira edo aldatuz joan daitezke?
Hipotesi batekin hasten gara, baina hipotesi hori bete daiteke edo ez. Orduan, poliki-poliki zer dagoen eta nondik joan zaitezkeen ikusten joaten zara. Agian pentsatu duzun gauza bat oso interesgarria dela edo pentsatu duzun hori emaitza bezala atera daitekeela, eta justu agertzen da beste gauza bat interesgarria dena ere eta hortik tiratu daiteke ere. Emaitzak ateratzea kostatzen da.
Beraz, ikerketa bat egitea zaila da?
Gustatzen bazaizu, lortzen den momentuan izugarria da! Lortzen denerako agian ez zaizu hamar aldiz atera. Egin behar dena da saiatu eta begiratu ea zergatik ez den atera, zer izan daitekeen hurrengo urratsa… Momentu horretan ikusten duzu kostatzen dela. Baina esan bezala lortzen duzunean izugarria da.
Zergatik aukeratu zenuen gai hori?
Bilbon biologia ikasi nuen eta han Gradu Amaierako Lana burmuineko minbiziari buruz izan zen. Beti nahi izan dut minbizia landu. Ez hainbeste pazientearekin lanean egotea, oso gogorra egiten zitzaidalako, baizik eta maila molekular batetik. Zer dagoen gaixotasun horren oinarrian; zergatik gertatzen den gauza bat, zergatik bestea, gaixotasuna ulertzen saiatu eta abar. Orduan, bertan egon nintzen taldean ere hematologia arloa zegoen eta hemengo taldea ezagutzen zuten. Horrelako lotura bat izan zen.
Eta atzera eginez, zergatik ikasi zenuen biologia?
Nik berez biokimika ikasi nahi nuen. Baina selektibitatean ez nuen nota lortu, justu urte horretan nota igo zelako. Orduan, pentsatu nuen biologian sartuko nintzela eta gero biokimikara aldatuko nintzela. Baina biologian zegoen giroa gustatu zitzaidan, eta jendearekin hitz egitean esaten zidan biologia esparru zabalagoa dela eta, azkenean, beti joan nintekeela biokimika aldera. Baina hain zabala ez den esparru batetik jotzen baduzu, eta gero zabalagoa den hori gustatzen bazaizu, zailagoa da. Beraz, biologian gelditu nintzen eta beti argi izan dut esparru honetatik joan nahi nuela, besteari uko egin gabe; biomedikuntza egin nahi nuela. Bigarren batxilergoan nengoenean Altsasu institutuan banekien zer ez nuen egin nahi, baina ez nekien oso ondo zer egin nahi nuen. Poliki-poliki biologia gustatu zitzaidan, eta hor sartu nintzen.
Doktoretza egitea, noiz erabaki zenuen?
Ideia banuen, baina ez nekien oso ondo zer egin eta zer ez egin. Azkenean, laborategi batean ez bazaude, eta bertako bizitza eta egunerokotasuna ez baduzu ezagutzen, ideia bat eduki dezakezu baina ez dakizu zenbateraino gustatuko zaizun, edo ez. Orduan, doktoretza egitea erabaki nuen nire zuzendariak proposatu zidan momentuan.
Doktoretza hiru urte egingo dituzu, tesia publikatuko duzu, eta gero zer?
Galdera ona, baina zaila. Ez dakit. Ni orain hiru urte hauetan enfokatzen naiz. Gero ikusiko dugu. Oraingoz ikerkuntzan gustura nago, ea hemendik hiru urtetara zer esaten dudan.
Koronabirusarekin zientzialariak modan zaudete, baina orain arte estatuan zientziarekiko eta ikertzaileekiko errespetu falta handia egon dela salatzen zuten ikertzaileek. Zein da egoera? Aldatuko dela uste duzue?
Gustatuko litzaidake pentsatzea baietz, konturatu direla garrantzitsuak garela eta ea ez duten zientzian murrizten. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Gustatuko litzaiguke pentsaera aldatu izana, izan ere, zientzia inbertsio bat da baino etorkizunean ematen ditu emaitzak. Ez da momentuko zerbait. Orduan, kostatzen zaie inbertitzea emaitzak momentu horretan ez badituzte ikusten. Emaitzak orain nahi dituzte, baina zoritxarrez ez da horrela.
Horren harira, talentu edo burmuinen ihesaldia bezala ezagutzen dena gertatu da. Noizbait atzerrira joan behar izatea planteatu duzu?
Sekula ez zait burutik pasa. Hasieratik geratzeko aukera izan dudanez, ez zait burutik pasa. Baina nire klasean bai egon dela jendea bekarik lortu ez duena nik lortu dudan bezala, eta kanpora joatea planteatzen ari dena. Gustatzen bazaizu eta hori egin nahi baduzu, baina hemen aukerarik ez baduzu, kanpora zoaz. Tristea da, hemen trebatzen gara, bertakoak gara eta hemen geratu nahi dugu. Baina ez dugu horretarako aukerarik. Aukera bat jaso arte, ez pila bat jasoko dituzu.