“Txikitan esaten genuen guk eramanen genuela igerilekua”

Guaixe 2020ko eka. 26a, 09:10
Usue Mendez Irigoyen, Ioana Berastegi Goikoetxea, Sarabe Arakama Irigoien eta Jon Mendia Irigoien.

Urdiaingo igerilekuko martxaz arduratuko diren lau gazteak dogotsu daude udari aurre egiteko. 

Sarabe Arakama Irigoien, Usue Mendez Irigoyen, Ioana Berastegi Goikoetxea eta Jon Mendia Irigoien dira aurten Urdiaingo igerilekuak hartu dituztenak. Urdindarrak eta elkarteko bazkideak ere badira. Txikitan egunero joaten ziren, egun pasa ere askotan. Laurek han ikasi zuten igeri egiten. Baina aldea dago tokia aisialdi gunea izan edo lantokia izan. Joanak azaldu digutenez, “uda aproposa iruditu zitzaigun aurten igerilekuak hartzeko, gehien bat, ezin garelako oporretara joan”. Sarabek gaineratu duenez, “hemen lagunekin egoten gara, askotan etortzen dira. Guretako errazago eramatea”. Usuek azaldu du gehienak bazkideak direla eta txikitatik joaten direla igerilekura. “Txikitan esaten genuen: urteren batean guk hau eramanen dugu. Orain arte ez dugu aukerarik izan. Aurten animatu gara. Arratsaldean herrian plan hoberik ez dagoenez, oso leku polita denez, animatzen dira eta hemen egoten gara denak”. 

Lana banatu dute eta goizez bi egonen dira eta arratsaldez beste bi. Asteburuetan, berriz, denak. Joan den larunbatean zabaldu zuten taberna, “martxa hartzeko. Bestela dena batera erokeria litzateke”.  Taberna, sukaldea, igerilekuko sarreran txartelak saltzea, berdegunea, komunak eta aldagelak garbitu… “dena txukun egoteko lan egin behar dugu”. Bi sorosle izanen dira ere lanean. Guk berdeguneko edukieraz arduratuko dira eta sorosleak igerilekukoaz”. Jakinarazi dutenez, sarrera pagatuta igerilekura sartzen direnei eskumuturreko bat jarriko diote. “Egunero kolore batekoa izanen da”. Igerilekuko eta berdeguneko edukiera egunero kontrolatu beharko dutela argi dute. “Kartelak jarrita egonen dira. Espero dugu jendeak errespetatzea”. 

Tabernaz
Goizez daudenak arduratzen dira tortilla pintxoak, bizkotxoak eta bestelakoak prestatzeaz, arratsaldean jende mugimendu handiagoa izaten baita eta prest izateko. 09:00etarako han dira, taberna 10:00etan zabaltzeko guztia prest izateko. Denbora izanez gero, jatekoak etxean egin eta prest eramaten dituzte. Pandemiak eragindako etxe-aldian ikasitakoa baliagarri zaie gaur egun. Pozik daude tartak saltzen ari direlako eta kritika onak jaso dituztelako. Bazkari-afariak ere emanen dituzte: plater konbinatuak, ogitartekoak… “Zerbait berezia eskatzen badute, moldatuko gara. Nahiago dugu aldez aurretik eskatzea. Momentuan eskatzen badute, moldatuko gara”. 

Igerilekuko taberna parean terraza ere prestatu dute, mahaien artean dagokion segurtasun tartea gordez. “Denok jarri beharko dugu gure partetik arauak errespetatzeko”. Edukierak ez dienez hainbeste mahai jartzea uzten ez dienez, kanpoan terraza handia prestatuko dute. Han esertzen direnak euritik babesteko toldoa ere jarriko dute. Txikitan tabernatik hartzen zituzten kartak, jolasteko. Aurten koronabirusagatik ez dituzte izanen. Ia aste bateko martxan dute eta pozik daude jendea pasa delako igerilekutik. Laukotea guztia irekitzeko gogotsu dago.