Urdiaindarrak, paella tarteko, udako festak Santa Agedarekin lotzeko moldatu dira.
Festak ez daudelako penaz?
Ba, bai. Aurten batere ez. Datorren urtera itxaron beharra.
Aurreko urtetako egitarauari begiratuta, Urdiaingo festetan egunero dago bazkari edo afariren bat, ezta?
Bai. Larunbatean beti presoen aldeko afariarekin hasten gara. Igandean mundu guztia San Pedrora joaten gara. Astelehenean gizonezkoen bazkaria egoten da. Asteartean emakumezkoen bazkaria. Eta asteazkenean denok, herri guztia, elkartzen gara, gazteak eta adinekoak, gizonezkoak eta emakumezkoak.
Zer nolako harrera du festetako azken eguneko bazkariak?
Hirurehun pertsona inguru elkartzen gara, hor nonbait. Giroa sortzen da eta jendea oso gustura egoten da. COVID-19 horrek plan guztia izorratu digu. Aurten festarik ez dagoela-eta jendea penaz egonen dela pentsatzen dut.
Noiztik egiten da herri bazkaria festak despeditzeko egunean?
Herri bazkaria betidanik egon da, baina kuadrillaka egiten zen. Duela 13 edo 15 urte, hor nonbait, jendea inplikatzeko herri bazkaria egiten hasi ginen. Sortzen den dirua herriko beste ospakizun batzuetan erabiltzeko. Herri bazkari horrekin beste festa batzuk autogestionatzen dira.
Non egiten da bazkaria?
Eguraldi ona egiten badu plazan, eta txarra egiten badu frontoian, ez zaigu besterik gelditzen. Plazan eguzkiak jotzen duenean jendeak asmatzen du itzala nola bilatu.
Urdindarrak egindako paellak Euskal Herri guztian ezagunak bihurtu dira. Egun horretan ere sukaldean lanean ibiltzen zarete?
Hirurehun pertsonari jaten emateko jendea behar da. Herrikoak inplikatuz, adin askotakoak… Hurrengo urtean Santa Ageda egin zutela 25 urte beteko dutenez baliatzen gara. Horiek talde motorra dira, eta gero jende gehiago. Hori aurrera ateratzeko jende mordoa behar baita. Bazkaltzen eta lanean, hemen dena da auzolana. Gutxienez 25 bat egoten dira lanean. Eta, gero, denen artean biltzen dugu.
Zein izaten da menua?
Sarreraren bat, paella eta izozkia edo horrelako zerbait. Paella batzuetan arrainarekin eta besteetan haragiarekin egina.
Bazkaldu ondoren kantuak, mahai jolasak edo zertan ibiltzen zarete?
Bazkaldu ondoren, dena bildu bitartean, jendea hizketan egoten da. Gero txaranga hartu eta herriari buelta ematen diogu. Etxez etxeko erronda egiten dugu eta jendeak oso gustura pasatzen du. Geldialdiak kaleka egiten ditugu. Saiatzen gara ematen, baina inoiz ez diogu herri guztiari buelta ematen. Azkenean denbora pasatzen da, baina bueltatxo bat ematen dugu.
Jendea nola janzten da, festetako atorrarekin, mozorrotuta?
Betiko arroparekin, ez dugu festetarako arroparik.
Bazkariarekin diru pixka bat ateratzen da. Eta horrekin zer egiten duzue?
Santa Agedatan beste jai egun bat egiten dugu. Garai batean Urdiainen Santa Agedak oso famatuak ziren. Gero galdu egin ziren. Hemen kintoek betidanik ospatu dute Santa Ageda egunaren hurrengo larunbatean. Kuadrillek bazkariak egiten zituzten. Herrian kintoak ere ospatzen dira Santa Agedako asteburu horretan. Kuadrilla bazkariak egiten ziren eta pentsatu zen beste jai egun bat egitea festetan ateratzen den diruarekin. Orain oso giro polita dago eta jende ugari hurbiltzen da. 150 pertsona egoten dira herrian bazkaltzen eta gero juergan. Bakoitza bere kintarekin. Batzuk adin askotakoak elkartzen dira, baina gehienak adin berekoak izaten dira. Izugarrizko indarra hartu du egunak. Urteko kintoak ostiraletik igandera daude. Larunbatean 25 urte betetzen dutenak zortzikoa dantzatzen dute eguerdian. Ondoren bermuta, bazkaria eta gero juerga.
Nolaz edo nori sortu zitzaion Santa Ageda eta San Pedro ospakizunak bazkari baten bidez lotzeko ideia?
Santa Ageda batzuetan hasi zen, Benignoren kuadrillak 25 urte egiten zituen. Bazkaria egin eta gero Tintiniturri elkartean, beraiek bere kontu, musika jarri zuten eta herria dantzatzera gonbidatu zuten arratsaldean. Giro oso polita sortu zen. Festak ailegatu zirenean Benignok pentsatu zuen: kuadrillaka egin beharrean asteazkenean herri-bazkaria egiten badugu, eta gero diruarekin Santa Agedatan bi tabernetan musika jartzen badugu? Ideia aurrera atera zen, eta horrela lotu zen Santa Ageda festetako azken egunarekin.
Taberna bakarra daukazue orain, elkarteren batean ere jartzen duzue?
Hainbeste jenderendako bi toki behar ziren eta hasieran Aitziber elkartean eta Gure Toki tabernan hasi zen. Geroago Kaluxa taberna ireki zuten eta han eta Gure Tokin hasi ziren musika jartzen. Orain Gure Toki itxita dago eta moldatu behar dugu. Musika urtero ordu berean toki berean ez egoteko txandakatu egiten dugu: urte batean arratsaldez taberna batean, eta hurrengoan gauez eta alderantziz.
Bazkarikoak Santa Agedako musika pagatzen du bakarrik?
Dirua sobratzen bada gordetzen da. Duela urte batzuk Albaolakoek egurra emateagatik sarrerak eman zizkieten udalei. San Juan baleontzia bisitatzea interesgarria izanen zela iruditu zitzaigun, eta dirua zegoenez, hura ikusteko bi autobus bete genituen. Egun oso polita pasa genuen. Zer aukera dauden begiratu, eta horrelakoetarako ematen du.
Aurten bazkaria ez dagoenez, heldu den urteko Santa Agedetako musikarekin zer gertatuko da?
Ez dugu diru guztia gastatzen. Baina, ea ospatu ahal dugun! Ez dakigu otsailean nola ibiliko garen.
Zalantza bat. Korrika guztietan “urdindarrek” km bat erosten dute. Dirua festetako bazkaritik sortzen da?
Ez, horretarako beste afari edo bazkari bat egiten dugu eta hortik ateratzen dugu km-a pagatzeko dirua.
Andramauztuko festak ere hor dauzkazue?
Ikusi behar. Segur aski panorama orain bezalakoa izanen da. Honek luze-luzera doala dirudi.