Txirrindularitza

Larunbatean eskolen mailako lasterketa Urdiainen

Guaixe 2020ko uzt. 16a, 11:12
Burunda Txirrindularitza Taldeko hasiberrien mailako taldea, aurreko larunbateko aurkezpenean.

Larunbatean, 16:00etatik aurrera ginkana eta lasterketetan ariko dira txirrindulari gazteenak, beharrezko segurtasun neurriak hartuta

Aurreko igandean eskolen mailako txirrindularien denboraldia mustu zen, Tafallako lasterketarekin. Etzi, larunbata, uztailak 18, eskolen proba izango da Urdiainen, arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Ginkana probak eta ohiko lasterketak egongo dira jokoan, beharrezko segurtasun neurriak hartuta. 

Eskolen mailan Sakanan jokatuko diren gainontzeko probei dagokienez, abuztuaren 1ean Lakuntzako eskolen mailako lasterketa jokatuko da Lakuntzan, Sakana Group-Aralar taldeak antolatutakoa. Irailaren 5ean Ziordiak hartuko du eskolen mailako proba, irailaren 12an Altsasuk eta urriaren 4an Olaztik, hirurak Burunda klubak antolatutakoak. 

Juniorrek Nafarroako Txapelketa jokoan
Junior mailako txirrindulariek igandean mustuko dute denboraldia, Lizarran jokatuko den Nafarroako Junior mailako Errepide Txapelketarekin (10:00, 89,2 km). Kadeteak, aldiz, uztailaren 26an hasiko dira, Beran (10:00, 44 km). Ildo honetan, abuztuaren 25erako kadeteen mailako Lakuntzako lasterketa iragarrita dauka Nafarroako Txirrindularitza Federazioak, Sakana Group-Aralar taldeak antolatuta.