Bere arkitekturagatik Urdiainek bisita merezi badu ere, iparraldean duen Sarabe ibartxoak berezko erakargarritasuna du ere. San Pedro ermitarako bidea hartu, hura atzean utzi, eta iparralderantz segi beharko du bidaiariak. Arrateta harratea pasa, eta igerilekuetara iritsi aurreko bidegurutzean eskuinera eginez iristen da Sarabera, bi km eskaseko luzera duen ibar txikia, baina kontatzeko asko duena. Eta gidaritarako Sarabeko baserriko Teresa Irigoien Arregi hartu dugu.
Ibartxoa iparraldetik Sarabeko haitzak mugatzen du. “Hariztiko bazka oso goxoa da. Usoak hor gizentzen zirenean urdin-urdina ikusten zen. Txerriak ekartzen zituzten. Orain basurdeak eta orkatzak hor ibiltzen dira hor”. Hegoaldean Laieneko eta Gazteluko haitzak eta bertako pagadia dira muga. Gaur egun, Sarabera mendebaldetik sartzen bada ere, lehen ekialdetik egiten zen. Urdindarrek Galartzako bidea hartzen zuten, Olanoko erreka pasa, Galartzagibeletik, Muinohandiko haitzetatik eta Muinohanditik pasa, eta Sarabera sartzen ziren. Han San Migel ermita zenaren aurria, harri pilarekin, topo egiten zuten. Antza, 1.200 urterako desagertu zen Galartza herriko eliza zen.
Ermita
Ibarraren beste puntan, eta egungo sarreratik gertu, Sarabeko baserria dago. Eta haren aldamenean Aitziberko ermita. Irigoienek jakinarazi duenez, “jende asko joaten da. Debozioa badago. Kandelak, loreak eta halakoak jartzen dituzte. Urte guztian etortzen da jendea, ez soilik Andramauztuko festetan”. Bisita ugari dituzte haiek ere, ermitako giltza baserrian baitute.
Ermitako erretaula “ederra” zela nabarmendu du, “a ze kolore zituen”. Azaldu duenez, ermita erortzekotan zegoen, eta Jose Mari Satrustegi zegoela dena konpondu zen. “Ermitak lehen zuen aterpea ona zen, orain ez. Txikia, tamainaz berdin-berdina zen. Baina orduan zorua lurrezkoa zen. Ate ondoan, sua. Ez tximinia, ez zer. Lurrean porlana bota zuten, eta ate parean sua eta tximinia egin zituzten”. Garai batean mendi buelta egiten zutenek aterpean lo egiten zuten; egun ez.
Ermita dagoen tokian Altzibar herria zegoela azaldu du Irigoienek. “Altzibarko ama birjina da ermitakoa. Aitziber, Aitziber, baina Altzibarko ama birjina omen da”. Egungo ermita garai bateko herriko eliza zen. “Denak hil, kolerarekin edo zerbaitekin, eta bat gelditu eta Urdiainen hartu zuten. Horregatik da Urdiaingoa”.
Jentilak eta sorginak
Baserriaren pareko haitzean naturak egindako zulo bat dago, Jentilen Leihoa deitzen zaiona. Handik ekialdera Jentilen Sukaldea dago, “haitz puntan. Eta beste tontor txikian, honuntzago, Iruritako gaztelua da”. Irigoienek azaldu duenez, Saraben sorginak egon ziren garai batean. “Hemengo eta Zugarramurdiko sorginak berak zirela esaten dute. Erratz gainean ibili beharko zuten! Zelai hau sendabelarrak hartzeko zen, eta eguteran lehortzen zituzten. Jentilek ez erasotzeko zelaitik etortzen ziren eta hemendik belarrak nola lehortzen ziren ikusten zuten”. Txakurrak zaunka asko egiten zuenetan, amonaren esanak ere gogoratu ditu: “sorginak sendabelarrak nola lehortzen diren begira egonen dira”.
Jentilak haitzeko sukaldean bizi ziren. “Halako zulo bat dago haitzean, eta handik Sakana guztia kontrolatzen zuten”. Urdindarrak, jentilak! Esaera aipatu diogu Irigoieni: “beti bezala, bai, jentilak. Jende indartsua egoten zelako”. Eta Jentilen Sukaldearen azpian egindako indusketa batez gogoratu da: “hezurrak atera zituztenean, berna-hezurra Urdiaingo altuenari aldakaraino iristen zitzaion. Benetan galantak ziren”. Guztiak museoetan bukatu zuela gaztigatu du, “baina ez dago inongo museotan ikusgai”. Irigoienek esan duenez, “sorginak eta jentilak aurkariak ziren, haiek hemen belarrak eta gauzak biltzen zituztelako”.
Baloi baten tamainako bi harri borobil erakutsi dizkigu Irigoienek. Halakoekin erasotzen zieten piztiei jentilek. Partzelak bildu zirenean, palak erreka ondotik ateratakoak dira bi harri horiek.
Jolasa
Garai batean herri guztia ibiltzen zen Saraben, lurra makina bat partzela txikitan banatuta zegoelako. “Orain paseatzen dagoen jendea besterik ez dago”. Sarabekoak azaldu duenez, “garai batean hau institutua bezalakoa zen. Hamar haur ziren. Mundu guztia mendira etortzen zen. Bata, ahuntzekin. Bestea, ardiekin. Behiekin. Basoan txerriak zituenak… Mundu guztia etortzen zen. Orduan herritik honutza lasterraldi batean etortzen zen. Hemen hainbeste haur izanda, hona etorri eta hemen jolasten ziren”. Irigoienek jolasetako baten berri eman du: “nagusienek harri borobilak sorbalda gainean hartu, eta Sarabeko haizpera eramaten zituzten. Handik bota egiten zituzten, ea zein azkarren jaitsi. Adin guztietako haurrak zeuden behean. Eta beste batzuk, atzean negarrez. Eta haurren bat hil behar zuten beldurrez, aitonak etxe hartako paretetan jarri zituen harri haiek”.
Aitak esan zionez, Sarabeko beste etxea egiteko halako beste bi harri erabili zituen. Hargina zen, eta berak egin zuenez beste baserria, bazekien. “Etxea oso polita zen. Leiho originalak zituen, inolako harri landurik gabe”. Han familia bat bizi zen, baina herrira bizitzera jaitsi ziren, eta etxeak, pixkeka-pixkeka, behera egin zuen. “Hura erortzen hasi zenean, antza, besteren batek ere bazekien harri haiek han zeudela. Jendeak lau egunetan dena bota zuen. Aitak esaten zuen: ‘harri haiek egon behar dute’. Baina eramanak zituzten”.
Palak agerian utzi zituenean jolaserako hainbestetan erabilitako harriak, aitak alabari esan zion: “hor dituzu jentilen harriak, jaso nahi badituzu…” Irigoienek harriei begira esan du: “jentilen defentsak. Harriok dominatzeko, galantak ziren gero!” Bere buruari ere galdera egin dio: “sorginekin haserre, baina Iruritako gaztelukoekin nola egonen ziren? Nolako elkarbizitza zuten? Haien aurretik hemen izanen ziren”.