“La Urdintarra”. Hala deitzen da Urdiaingo herrian dagoen errota, nagusia etxarriarra bazen ere. Josefina Iriberrik bertan eman du bizitza osoa. Han jaio zen, 1933an, eta bertan hazi eta bizi izan da orain arte. Dena den, denbora gutxi pasa dela dirudi, atzo gertatu izan balira bezala kontatzen baititu errotan bizi eta ikusitako istorioak. Anekdota eta bizipenez beteta dagoen emakumea da, eta kontatzeko gogo izugarria duena.
Errota ez dago herrian bertan, ubeldetik hurbil baizik. Badu logika, errota izanik ura behar baitu martxan jartzeko. Erraz kontatzen du Josefinak nola funtzionatzen duen makinak: “Baditu bi harri, bata gainean eta bestea azpian. Behekoa, ‘solera’ deitzen dena, geldi dago, ez du bueltarik ematen; gainekoa, ‘voladora’ izenekoa da, mugitzen dena”.
Dena den, gainaldeko harriak bueltak eman ditzan zerbait behar da, eta ekuazio horretan sartzen da ura. Errotarriak dauden gelaren azpitik igarotzen zen ura, “indar handiarekin”, Josefinak dioen bezala. Ur horrek etxearen azpian dagoen birakariari bueltak ematen zizkion, eta horrek, aldi berean, ‘voladora’ harria mugiarazten zuen. Hala, bi harrien artean jarritako garaua ehotzen zuten. Martxan egon zen azken urteetan gehienbat garagarra ehotzen zuten, baina ez zen produktu bakarra. Artoa zen beste gaietako bat, “taloak jan ahal izateko, miseria zegoenean”. Eta azkenik, garia ere ehotzen zuten “La Urdintarra”-n. Garau bakoitzak bere bi harriak zituen, ez nahasteko, eta txikitu ondoren, kutxetan jasotzen ziren lortutako gaiak. Josefinak kontatzen duenez, garagarraren eta gariaren harriak txikixeagoak dira, eta artoarena lodiagoa, “zailagoa” delako arto garaua xehatzea.
Bertan jaio zen bera, baina errota ez da haiena izan betidanik. Izan ere, nagusia Etxarrikoa zuten, edo, itxuran, hala zen behintzat. Josefinak kontatzen duenez, benetan diruduna emakumea zen, Etxarriko nagusiaren emaztea, eta hura Urdiaingoa zen. Hortik dator izena, eta haiei ordaintzen zieten errenta hilero, irabazien zati bat: “Hilean 200 pezeta ordaintzen ziren. Hori dirutza zen garai hartan. Eta ez zen bizitzeagatik bakarrik, zaindu egiten zioten baserri eta errota guztia”.
Hantxe bizi izan da bere bizitza osoan, eta hantxe lan egin du ere Josefinak, eta ez zen lan erraza. 12 urterekin hasi zen arto, gari eta garagar zakuak bizkarrean eramaten, eta errotan egin beharrekoetan laguntzen. “Eta gure aita 8 urterekin egoten zen jada lanean Iturmendiko errotan”, zehazten du Josefinak. Artoa, garia eta garagarra ez zituzten haiek hazten, kanpotik ekarri baino. Baserriaren kanpoko horman ikus daitezke ferrak. “Hor lotzen zituzten astoak eta zaldiak. Bestela, zakuak bizkarrean zituztela etortzen zen jendea Altsasutik”, gogoratzen du Josefinak.
Hain zuzen ere, Altsasuko bezero batzuen inguruan anekdota bat kontatzen du, xamurtasunez, Josefinak. Duela urte batzuk etorri omen zitzaizkion Altsasutik eskerrak ematera: “Duela ez asko etorri ziren. Altsasuko andre batek, hiltzen ari zela, esan omen zien bere seme-alabei: ‘Joan zaitezte Urdiaingo errotara eskerrak ematera’. Seme-alabek esan zioten gure ama jada hila zela, baina, edonola ere, etorri egin ziren”. Josefinak argi eta garbi dio: “Gure ama oso ausarta zen, oso ona”. Esaterako, behin, beste bezero batek zakuak eraman zizkien garau zakuak errotan xehatzeko, baina bidean, karroa zeraman astoa izutu, eta zakuak lurrera erori ziren. “Arto aleak zikin zeuden, baina, hala ere, gure amak onartu egin zizkion”, dio urdiaindarrak. Bezero hura gero ezkondu egin zen, eta Iruñera joan zen bizitzera, baina urtero etortzen zen errotara bisita egitera, hil zen arte.
Amari buruz hitz onak besterik ez du Josefinak; miresmena nabari da haren hitzetan. Beste gauza askoren artean, diru kontuez ari da bere amaren jokaera gogora ekartzen duenean. Izan ere, garai latzak pasa zituzten. “La Urdintarra” errota, eta errotarekin batera Josefina bera ere, urteetan zehar gertatu direnen lekuko izan dira. Gogora ekartzen ditu 36ko gerran zehar igarotako komeriak. “Miseria handia zegoen garai hartan”, dio. Altsasuko emakumeak esan zion alabari: “Errotakoak eman egiten zigun, dirua izanda ala dirurik gabe, berdin zitzaion”. Josefinak dio orain ere badaudela “bazter guztietan miseriak” eta koronabirusaren pandemiak munduan “kaosa” ezarri duela. Baina orduan ere garai latzak zirela gehitzen du. “40 kilo ekartzen baziren, 20 zentimo inguru kobratzen zen, ehotzeagatik”. Dena den, dirurik ez bazegoen, ehotako garauaren zati batekin ere ordaindu ohi zen, besterik ez bazegoen.
Balio anitzeko eraikina
Josefinaren aita 4 urterekin heldu zen “La Urdintarra”-ra, familiarekin batera. Haietako batzuk errotan jarri ziren lanean, garauak ehotzen. Baina hori ez zen etxeak zuen funtzio bakarra, ezta gutxiago ere. Josefinak gogoratzen du kide batzuk lorategia zaintzeko lanetan hasi zirela, lorategi botanikoa zen hartan: “mota guztiko zuhaitzak zeuden, milaka lore, espezie asko… izugarri polita zen eremu guztia”. Zuhaitz eta lorategi horiek zaindu egiten zituzten, eta Josefinari ez zaio landareen inguruko miresmena joan. Igartzen da baratzari buruz hitz egiten duenean. Beretzat ez da lana, gustura lantzen baitu lurra. Hainbat landare eta barazki landatzen ditu, eta aise ematen ditu bueltak, fruituak ematen dituzten ikusten. “Jendeak esaten dit esfortzu handia dela baina nik oso gustura egiten dut, denbora-pasa da”.
Bi funtzio gutxi balira, hirugarren bat ere bazuen Urdiaingo errotak: argindarra sortzea. Errota bera zaharragoa da; XVII. mendetik egon da zutik eraikina, Josefinak kontatzen duen arabera. Baina 1900. urtean eraikinari gehigarri bat egin zioten eta bertan zentral elektriko bat sortu zuten. Han, uraren indarraren laguntzaz baliatzen ziren, garauak xehatzeko egiten zuten antzera, argindarra sortu eta hura ere banatu ahal izateko. Zentralak argindarra helarazten zuen, ez soilik Urdiaingo herrira, baita Iturmendi eta Bakaikuko etxeetara ere. “Argi txiki-txikia zen sortzen zena, ez gaur egungoa bezalakoa”.
Zentralak, kanpoaldetik ikusita behintzat, ez du ematen hori denik. Josefinaren seme batek zaldiak zaintzen ditu, eta bertara joaten da jendea zaldi gainean ibiltzera. Horretara joan izan diren askoren artean, bat enpresa elektriko bateko langilea zen. “Horko hori zer da, tren geltokia?”, galdetu zion Josefinari. Eta hark erantzun zion: “Ez, zentral elektrikoa da”. Harrituta geratu omen zen gizona. “Ea sartu ahal zen galdetu zidan, eta barrura sartu ginenean, txundituta geratu zen bera”, azpimarratzen du Josefinak.
Errota ez zen Sakanako bakarra. Josefinak kontatutakoaren arabera, Altsasun ere bazegoen beste bat, gutxienez. Haien herrian errota izanda ere, bezerorik onenak altsasuarrak zirela dio Josefinak. “Altsasuko herri guztia bizi zen nekazaritzatik, den denak, eta guregana etortzen ziren”. Urdiaindarraren ustez, haiengana joaten ziren bere aitonak harria zaintzen lan egiten zuelako: “Belauniko jartzen zen, buruko baten gainean, eta harriari forma eman eta zaindu egiten zuen. Aldea badago harri batekin edo beste batekin xehatzean, emaitza ez da berbera izaten. Kalitatean antzeman daiteke”.
Horren luze egon da zutik errota, ezen gauza asko ikusi eta bizi izan dituen martxan egon den bitartean, historian gertatutako gauzak. Haien artean 36ko gerra, eta frankismoa. Josefinaren hitzetan, miseriak. Eta gerra gogora ekartzean, harekin batera, estraperloa. Josefinari ea haiek ere kontrabandoan aritu ziren galdetzean argi eta garbi erantzuten du: “Gosea zegoen”. Nola edo hala jan egin behar zuten. “Han etxe ondotik pasatzen den trenetik botatzen zizkiguten zakuak gariz beteta. Eta karretillarik ez genuen, orduan bizkarrean ekartzen genituen honaino”, kontatzen du. Handik jasotakoarekin, behar zuenari jaten ematen zitzaion.
Izan ere, Urdiaingo emakumeak kontatzen du garai gogorrak ziren haietan errota itxi zietela, eta errotarriak prezintatu zizkietela. “Jendea gosez hiltzen zegoen, eta bien bitartean, guk ezin genuen errotarria martxan jarri eta garia edo artoa xehatu, taloak egiteko bazen ere”. 87 urteko emakumearendako ez zeukan inolako zentzurik gertatzen ari zenak. Horregatik, trenetik botatako zakuak isilean ehotzen zituzten. “Noizbait etorri ziren guardia zibilak hona, baina ez zuten ezer susmatu”, kontatzen du Josefinak.
Gernikako bonbardaketa ere gogora ekarri du urdiaindarrak. “Gogoratzen naiz behin esan ziotela gure aitari argirik ez emateko gau batean, airez erasoko zigutela uste zutelako. Argirik eman gabe, ez gintuztela ikusiko”. Hala egin zuen aitak: “Denak joan ginen egun hartan goiz ohera”.
Toki kuttuna
Josefinarendako, garauak ehotzeko prozesua ez da mekanika hutsa. Beretzat, “oso polita da” errotarria martxan ikustea. Horregatik, tristea izan zen errotak lan egiteari utzi behar izan zion unea. “Urak pasatzeari utzi zion”, kontatzen du Josefinak. Horren “beharrezkoa” zen elementuak igarotzeari utzi eta horren kontura ibiltzen zen prozesua geldiarazi behar izan zuten. “Berriro ere hemendik ura pasa dadin nahiko nuke”, dio Josefinak. Haren ustez, ibaietako ura ez da zaintzen, eta pena ematen dio zikinkeria ikusteak bere bizitzaren parte izan den toki batean. “Gehiago zaindu behar da”, dio Josefinak, naturari erreferentzia eginez.
Errotak garauak ehotzeari utzi zion bezala, zentral elektrikoak ere argindarra sortzeari utzi zion. “Jendea hasi zen plantxak erosten, garbigailuak, eta halakoak. Eta hemen sortzen genuen argindar kopuruak ezin zituen makina berri horiek guztiak martxan jarri”. Horregatik, zentrala geldiaraztea erabaki zuten. Zentralera sartzean gauza guztiak esplikatzen ditu, makinetako elementu bakoitzak zer egiten duen, eta oroitzapenak etortzen zaizkio Josefinari. “Hau oraindik ere leun dago; oraintxe ibili ahalko litzateke”, dio urdiaindarrak.
Lorategi botanikoaren arrastorik ere ez da geratzen gaur egun, horren ordez, baratza dago, eta oilategia. Oiloek eta txakurrak betetzen dute Josefina bizi den parajea betetzen dute, baita zaldiek ere, eta xarma ematen diote. “Oso toki politean bizi naiz”, dio berak.
“Hemen orain ongi bizi gara. Nik ez nuke hemendik inora alde egingo”, argi uzten du urdindarrak. “Iruñean pisu bat, edo etxe bat prest daukadala esanda ere, ni hementxe geratuko nintzateke”. Izan ere, bere bizitza osoa pasa du Josefinak Urdiaingo errotetxean bizitzen. Batzuetan, uraldiak daudenean, “beldurra” sentitu izan duela kontatzen du; 2019ko uraren goraldiak bertan harrapatuta utzi zituen. Edonola ere, hantxe jarraitzen du bizitzen, eta hil arte bertan geratzeko asmoa du: “Hemen jaio nintzen, eta hemendik eraman naitzatela”.