Txirrindularitza

Urtasunen Kern Pharma taldeak La Vila Joiosan egin zuen aurkezpena atzo

Guaixe 2021ko urt. 21a, 08:13

Aste osoko prestaketaren ondoren UCI Pro Team mailan debutatuko duen talde gaztea aurkeztu zen atzo

Aurreko ostiralean Alacanteko La Vila Joiosara iritsi ziren Kern Pharma talde profesionaleko txirrindulariak eta astebete emango dute bertan, 2021 denboraldia prestatzen. Kontinental mailatik UCI Pro Team mailara egin du salto taldeak, txirrindularitzaren 2. mailara, eta guztia behar bezala lotzen dabiltza, Pablo Urtasun  kirol teknikaria tartean. Maillot berriak banatu, entrenamendu saio garrantzitsuak egin eta denboraldia antolatzea izan da helburua. 

Asteazkenean talde aurkezpena egin zuten Blue Line Hotelean. Bertan izan ziren Manolo Azkona presidentea, Juango Oroz taldeko managerra eta Pablo Urtasun kirol zuzendaria, besteak beste. Urtasunek aurten 20 txirrindulari izanen ditu bere esanetara. Talde gaztea da, 22,5 urtekoa da batezbestekoa, “munduko txirrindularitza elitea osatzen duten 38 talderen artean gazteena”, aurkezpenean nabarmendu zuten bezala. Manolo Azkona da managerra, eta Lizarte afizionatuen taldetik sortutako talde profesionala “bide onetik” doala gaineratu zuten. 

Helburua: gailurreraino iristea
Egutegiari dagokienez, estatu espainiar eta frantziarreko lasterketak hobetsiko ditu Kern Pharma taldeak. Horretaz gain, Portugal, Eslovenia eta Eslovakiako zenbait probatan aritzeko asmoa dute. Halaber, UCI World Tour mailako hainbat probetan egon nahiko luke taldeak, Kataluniako Volta, Euskal Herriko Itzulia, Donostiako Klasikoa edo Espainiako Vuelta, esaterako. Juanjo Orozek nabarmendu zuenez, “ametsa betetzen ari gara. Txirrindularitzaren elitean egotea ametsa da, pertsona askok konpartitzen dugun proiektua. Oso berezia da 5 urtez elkarrekin lanean ari den talde batek, amateur mailatik, talde profesional baten bizkarrezurra osatzea. Kern Pharma proiektu horren zutabea da, eta ditugun babesleen laguntzarekin, guztion helburua argia da: txirrindularitzaren gailurreraino iristea. Ametsak bete egiten dira eta Kern Pharma taldea horren adibidea da”.