Borroka librea

Migel Andres Galarza borrokalari urdiaindar ezaguna zena zendu da

Guaixe 2021ko urt. 25a, 13:45

Ostiralean zendu zen, 88 urte zituela, COVID-19 gaitzak jota

Garai batean borroka libreak edo “lucha libre” delakoak zale asko zituen Sakanan. Hamaika borrokaldi antolatu izan dira Sakanako herrietan, Burunda aldean gehiago, zaletasuna handia baitzen. Izan ere, makina bat borrokalari sortu ziren gurean, borroka librean aritu eta profesional handiak izan ziren kirolari bikainak, mundu guztian barna borroka librean aritu zirenak eta makina bat txapelketa irabazi zituztenak. 

Esaterako Pedro Quintana "Bengoetxea" olaztiarra, “El Hercules Navarro” ezizenarekin ezaguna egin zena, borroka libreko urrezko urteetan kantxak leporaino betetzen zirenean, lehen mailako borrokalaria izan zena, bere modalitateko borrokalari onenekoa. Munduko txapelduna izan zen hiru aldiz, Europako txapelduna 7 aldiz eta Espainiako txapelduna 22 aldiz. Bere anaia Juan ere borrokalaria izan zen, Otxoa urdiaindarra, Apaolaza bakaikuarra eta baita Migel Andres Galarza Galarza urdiaindarra ere, “El Leon Navarro” ezizenez ezaguna izan zen borrokalari indartsu eta bikaina, hainbat borrokaldietan gailendu zena eta profesional handia izan zena. 

Hain zuzen ere ostiralean zendu zen Migel Andres Galarza, 88 urte zituela, COVID-19 gaitzak jota, ospitalean.