Kintoak 2021

Kinto ospakizunik ez da izanen

Guaixe 2021ko ots. 5a, 13:50
Kintoak frontoian zortzikoa dantzatzen. Artxiboa.

Gaur hasi beharko lukete eta domekan despeditu, baina kintoek heldu den urterako uztea erabaki dute.

Zortzi urdindarrek osatzen dute aurtengo kinta: Oihan Etxeberria, Jon Chamorro, Martin Senosiain, Irati Irigoien, Madi Lizarraga, Eider Uharte, Txomin San Roman eta Aingeru Goikoetxea. Haiekin batera kinto segizioa kinto zaharrek eta kinto gazteek osatuko lukete; hiru kintadako taldea. Baina COVID-19 gaitzagatik gazte taldeak aurten ez du kinto festarik ospatuko. Pandemiarik ez balego larunbatean herriko gainontzeko kintada guztiak batuko lirateke festara, baina haiek ere ez dute ezer eginen. 

Ospakizuna urte bat atzeratzea erabaki dutenez, heldu den urtean kinto ospakizunak lau kintadek ospatuko dute. Aurtengo kinto zortzikotea heldu den urtean kinto zaharrak izanen dira, baina plazan zortzikoa dantzatuko dute. Ziurrenik larunbatean eginen lukete eta 2022ko kintoek, berriz, domekan. Larunbatean zortzikoa dantzatzen duten besteak 25 urte bete dituzten kintoak dira. Heldu den urtekoekin hitz egin beharko dute nola antolatu zehazteko. Bestalde, mende laurdena aurten bete duten kintoek zer egin erabaki beharko dute. 

Urdiaingo kintoen zeregina da urte berriarekin batera iturriko ur berria hartzea eta hura udaleko kideei eta apaizari eramatea. Osasun egoeragatik aurten ezin izan dute uraren erritua berritu.