Martxoaren 8a dela eta, emakumezko urdiaindarren topaketa domeka eguerdian egin zen. Lehenagotik udaletxeko balkoietatik hainbat kartel zintzilik zeuden. Haietan emakumezkoen eguneroko zapalkuntzaz pentsarazten zuten hainbat idatzi irakur zitezkeen. Plazan bertan bi paneletan aurreko Emakumeen Egunetako hainbat argazkiren artean idatzi gehiago irakurtzeko aukera zegoen. Baita martxoaren 21ean, domekarekin, Sakana zeharkatuko duen Lilasterketan izena emateko aukera ere. Topaketan kolore moreko arropak edo zapiak nabarmendu ziren. Bilkura talde argazkiarekin despeditu zuten.