Arantza Flores Bengoetxea

"Antzerkia orain eta hemen da"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko mar. 24a, 12:23

Arantza Flores argi teknikaria lanean. AINHOA RESANO

Arantza Flores Bengoetxea Bilboko Arriaga antzokiko argi teknikarietako bat da. Gainera, urdiaindarrak hainbat atzerki konpainiarekin lan egiten du, eta bertan “argiztapen edo sormen” aldea garatzeko aukera du

Dinamoa Azpeitiko sormen guneak egindako bideo proiektu batek fokuen aurrean jarri du Arantza Flores argi teknikari urdiaindarra. Bideogintza ikasten ari zela, arte eszenikoak ezagutu zituen eta Bartzelonako Institut del Teatren Arte Eszenikoen goi maila ikasi zuen, argiztapenean espezializatuz. Gaur egun, Arriaga antzokiko argi teknikaria da, eta, besteak beste, Artedramaren Atzerrian Lurra Garratz antzezlanean lan egin du.

Zertan datza zure lana?
Zuzeneko ikuskizunetarako argi ekipamendua muntatzea, ikuskizunean zehar argi aldaketak egin eta gero desmuntatzea da. Hori teknikari moduan. Konpainiekin ibiltzen naizenean nik erabakitzen dut zein argi jarri ikuskizun horri. Ez da erraza bien artean desberdintzea edo banatzea. Pedagogikoki ezberdin daiteke, baina gero praktikan bi gauzak konturatu gabe egiten dira.

Nola iritsi zara argi teknikaria izatera?
Iturraman batxilergo artistikoa egin nuen eta, ondoren, bideogintzan murgiltzea pentsatu nuen. Gasteizera goi mailako ziklo bat egin nuen. Ziklo horretan arte eszenikoak deitutako irakasgai bat geneukan, eta hor hasi nintzen antzerkiaren mundua gainetik ezagutzen. Ikastetxean egiten genituen bideo grabaketetan ere konturatu nintzen argiaren garrantziaz. Gero praktiketan zuzeneko ikuskizunetan teknikoki nola lantzen zen ikusi nuen, eta asko erakarri ninduen. Bartzelonara beste ziklo bat egitera joan nintzen eta hor argi teknikaria izateko espezializatu nintzen.

Zergatik gustatu zitzaizkizun arte eszenikoak?
Ez dut inoiz hausnartu. Telebista eta zinema nola egiten zen ezagutu nuenean… ez zitzaidan gustatu. Antzerkiak daukan bat-batekotasun hori gustatu zitzaidan. Orain eta hemen da. Hau gertatzen da eta zu ikusle lekuko zara. Ez da inoiz errepikatuko. Horrek badauka xarma berezia. Benetako eta egiazko momentu bat da. Zerbait grabatzen denean gero edizio bat egiten da, eta edizio hori ez da egia. Ez da gertatu dena, baizik eta ezarri nahi duguna.

Argiaren garrantzia aipatu duzu, zertan da garrantzitsua?
Argia lantzen dugunon artean bi aukera egoten dira: ikusten den argi bat, adibidez, kontzertuetan, edo ikusten ari zarela konturatzen ez zaren argi bat. Antzerkian, esaterako, eta nire kasuan hori gustuko dut. Ez du zertan argian erreparatu behar, baina argirik gabe ezin da egin. Ez da ikusten, baina sentitzen duzu. Garrantzia bakoitzaren erabakia da. Eszena konkretu batean atmosferak emozio batzuk sortzen dizkizu eta hori argiaren eraginez izan daiteke. Funtzio praktikoa ere badu, ikuslearen begirada bideratzeko, istorioa kontatzeko modu bat izan daiteke, denbora pasatzearen adierazgarri bat… Dramaturgian laguntzen du.

Zenbat aukeratzen du zuzendariak eta zenbat zuk?
Zuzendariaren arabera izaten da. Baina nire esperientzia nahiko librea izan da. Nahiko askatasun izan dut beti uste edo sentitzen nuena egiteko. Gerta liteke zuzendariak esatea ez zaiola gustatzen, baina akordio batera iristen gara. Alde batetik, hor badago zein atmosfera ematen diozun eszena bati, eta, bestetik, argi aldaketak nola egiten dituzun. Horrek istorioari erritmoa emango dio. Zuzendarientzako oso garrantzitsua da, eta hor bai normalean haien oharrak ematen dituzte. Gehiago da hor, argiaren edo atmosferan sorkuntzan baino.

Nolakoa da zure egun bat?
Konpainiekin lan egiten dudanean sorkuntza prozesu bat dago, eta gero bira hasten da. Sorkuntzan gaudenean, konpainiaren eta aurrekontuaren arabera, hiru egunetatik hilabete batera egoten gara egunero entseatzen. Orduan, nik gidoia aurretik irakurri dut eta espazio eszenikoa kontuan hartuz plano bat egiten dut. Entseguekin hasteko muntaketa egiten dut. Gero bira dator eta antzoki bakoitza desberdina da. Horregatik, sorkuntza egiten dugunean pentsatu behar dugu gero nora joan behar garen. Gero desmuntatu egin behar da. Arriaga antzokian egiten dut lan ere, eta oso desberdina da. Antzokiko teknikaria naiz eta konpainiarekin datorren teknikariari zerbitzua eman behar diot.

Konpainiekin, beraz, taldearen parte zara.
Aktoreak bezala, bai. Orain ama izan naiz eta sorkuntza prozesua egiten dut baina boloak ez ditut egiten. Goizeko 8etan ateratzen zara etxetik eta gauerdian itzultzen zara. Orain ezin dut hori egin. Orduan, taldeak daukan teknikari batek edo nik topatzen dudan teknikari batek nik pasatzen diodan lana egiten du.


Arantza Flores sormen prozesuan, alabarekin. AINHOA RESANO

Eta teknikarien arteko lana deseberdintzen da?
Detailetxoak nabaritzen dira. Agian enfokea beste modu batera egingo nukeela esan dezaket. Baina nik, zuzendariak eta aktoreren batek ikusiko lituzkeen detailetxoak dira. Denak koherentzia bat dauka. Argia ez dago hor nik nahi dudalako, argia dago aktore bat dagoelako edo momentu dramatikoa delako.

Estilo bat duzula esan daiteke?
Ez dakit. Nirekin lan egiten duten zuzendariei galdetu beharko zenioke. Baina batzuetan bai ikusten dudala nire lanak oso desberdinak izan arren baditudala errepikatzen ditudan tresnak; kolore konkretu batzuetara jotzen dudala, esaterako. Denei gertatzen zaigula uste dut, argiztatzaile guztiei. Erreferente handiak ditut, eta ikasten planoak hartzen genituenean norenak ziren ezagutzen genuen. Lan egiteko modu bat dago, eta hori propioa da. Estilo bat… agian gehiegi esatea da.

Emakumea izateagatik diskriminazioa sentitu duzu?
Bai, sentitu dut. Batez ere teknikari moduan. Argiztatzaile moduan edo sorkuntza prozesuan askoz ere gutxiago emakumeen presentzia handiagoa delako. Baina teknikari bezala antzokietan lan egin dudanean, bai. Oso mundu maskulinizatua da. Indarra behar duzunaren ustea dago, faltsua dena, eta sartzen zarenean eta emakume bat naizela ikusten dutenean, pentsatzen dute ez naizela gai izango lan hori egiteko. Hasi nintzenean mesfidantza nabaritzen nuen eta hasieran pentsatzen nuen gaztea eta hasiberria nintzelako zela, esperientziarik ez nuelako. Baina hamabost urte daramatzat honetan lanean, esperientzia badaukat eta argi utzi dut nola den nire lana. Hala ere, gertatu zait nire erabakiak zalantzan jartzea, eta badaude beste batzuk zuzenean kontra egiten dutenak. Nik toki batetik hasteko esan eta beraiek kontrako lekutik esan. Eta pentsatzen duzu: "Zergatik esan dit beste aldetik hasteko…". Euren eremua inbaditzen ari zaren beldur hori daukate. Ezin dute onartu zuk erabakitzea nondik hasi behar den. Antzoki batera joaten zarenean konpainiaren arduradun gisa zoaz, eta haiek antzokiko arduradunak dira. Hartu eman hori oso garrantzitsua da. Ez da bakarrik genero kontu bat; harreman kontu bat da. Nire sektorean gertatzen den bezala ziur nago beste askotan gertatzen dela ere. Belaunaldi berriekin ez da hainbeste ikusten, baina oraindik badago.

Zer da zure lanetik gehien gustatzen zaizuna?
Ez da erraza erantzuten. Hasi nintzenean gustatzen zitzaidan mugitze hori: konpainiarekin joan herri batera eta hurrengo asteburua beste batera… Katalunian bi urtez ikasi nuen eta gero beste sei urte egon nintzen bertan lanean eta herri eta hiri asko ezagutu nituen. Hori niretako oso erakargarria zen: lan bat izatea baina ez beti leku berdinean. Denbora pasatzen da, adina aurrera doa eta geroz eta pereza gehiago ematen dizu maletak egin, hemendik hona ibiltzea, familia eta lagunak ezin ikusi, asteburuak lanean eta abar. Bat-batean lan oso polita dela ikusten duzu, baina… Kasu horretan, Arriagak estabilitate gehiago eman dit. Gehien gustatzen zaidana sorkuntza prozesuan egotea da. Argiekin probatzen egotea eta abar. Sortzen den giroa asko gustatzen zait, bai sorkuntzan bai konpainian. Familia bat bihurtzen da.

Herri mina duzu?
Urdiainera ahal dudanean joaten naiz. Bartzelonan bizi nintzenean ere askotan joaten nintzen, eta orain Bilbotik errazago. Urdiainera joatea arnasa hartzea da, etxekoak eta lagunak ikustea… Bestela burbuila batean egotea bezala da. Baina ez xaboizko burbuila batean, urakan batean sartuta nago eta herrira iristen naizenean arnasa hartzen dut.