Pandemiak datu kezkagarriak uzten ari da Urdiainen. Martxoaren 21etik asteartera arte 22 positibo zenbatu dituzte herrian, 26 hilabete hasieratik zenbatuz gero. Egoera ikusita Osasun Departamentuak erabaki du COVID-19 positiboak atzemateko urdindar guztiak baheketara deitzea. Osasunbideatik urdindarrak banaka hots eginen dituzte hitzordua emateko.
Baheketa bihar eginen dute frontoian, 09:00etatik 19:00etara. Etxarri Aranazko oinarrizko osasun eskualdeko lehen mailako arretako taldeko profesionalak ariko dira lanean. Baheketa “eraginkorra izateko mundu guztiak parte hartzeko” deia egin du Urdiaingo Udalak. Herrian 661 pertsona bizi dira eta 560 deitu dituzte baheketara.
Baheketaren populazioa hautatzeko, baztertu egin dituzte aurreko 10 egunetan proba diagnostiko bat egin dutenak, bai eta azken hiru hilabeteetan PCR edo antigeno-test bidez emaitza positiboa izan dutenak ere.