Eliza inguruan lanak egiten ari dira

Guaixe 2021ko mai. 4a, 09:06

Sareak eta zoladura berritzeko lanak dira egiten ari direnak. Udalak lanak baliatuko ditu oinezkoei lehentasuna emateko.

Obretako makinak duela bi aste bueltatu ziren Urdiainera, zehazki Barrenkalde eta Elizazpi kaleen zati bateko euri uren eta saneamendu sareak eta zoladurak berritzeko. Ur hornidura sarea ongi dagoenez, dagoen bezala utziko da. David Oroz Alonso alkateak jakinarazi duenez, lanen “beste helburu bat izanen da eliza inguruan ibilgailuen aparkalekuak ordenatzea. Gaur egun pixka bat gaizki dugu eta lanak horretarako aprobetxatuko ditugu”. Alkateak gaineratu duenez, “lanak baliatuko ditugu oinezkoei halako lehentasuna emateko, haiei toki gehiago eskaintzeko eta ibilgailuen abiadura moteltzeko”. 

Ehunen bat metroko tartean eginen dira lanak, joan den urtean Kaluxa kalean eta udaletxe inguruan egindakoen segida direnak. Lanak finantzatzeko Urdiaingo Udalak foru administrazioaren COVID-19 gaitzaren eraginei aurre egiteko 40.000 euroko dirulaguntza baliatu du. Udalak beste 60.000 euro inguru jarriko ditu lanak egiteko. Orozek azaldu duenez, Elizazpi eta Sagardia kale guztian eginen dira lanak, bentaraino. “Proiektua eginda dugu, baina faseka eginen dugu. Diru pixka bat pilatzen dugunean, eta dirulaguntzak aprobetxatuta, berritzen joanen gara”. 

Bestalde, Urdiaingo herriaren etxea urte hasieratik irisgarriagoa da igogailua jarri baitu udalak. “Egungo garaietan ezinbestekoa zen gauza bat da igogailua”. Nafarroako Gobernuak despopulazioari aurre egiteko 16.500 euro eman zizkion udalari. Hark beste horrenbeste diru jarrita egin zuen inbertsioa.