Urdiainen bizitzeko nahiaren trabak

Guaixe 2021ko mai. 20a, 14:04

Urdiaindarrak kalean. Artxiboa.

Etxebizitzarako sarbidea zaila dute gazteek Urdiainen. Hala adierazi du Urdiaingo Gazte Asanbladak herrian banatu duen idatzi baten bidez. Udalak haiekin eta Nasuvinsarekin pausoak ematen ari da konponbideak bilatzeko.

Etxebizitzaren alokairu premia ote zegoen jakiteko galdetegia zabaldu zuen Urdiaingo Udalak herrian abenduan. Emaitzak jaso ondoren, udalak zein pauso eman dituen azaldu du David Oroz Alonso alkateak:  “gehienbat gazteek erantzun zuten. Herriko gazteekin izan ditugu bilerak”. Eta gaineratu du, “gazteak esaten ari direna da herrian nahi dutela geratu bizitzera. Eta hori ez da hasteko modu txarra. Herrian badaude etxebizitzak, baina gazteek zailtasunak dituzte herrian gelditu ahal izateko”. 

Orozek gaineratu duenez, Nasuvinsa enpresa publikoarekin harremanetan dago Urdiaingo Udala. “Egitasmoak badaude, diru asko eskatzen du horrek eta udalaren aldetik mugak ditugu. Baina uste dut Nasuvinsa, herriko gazteak eta udalaren artean zerbait egiteko gai izan beharko ginatekeela”. 

Gazte Asanblada 
Etxeetan banatutako ohar baten bidez “etxebizitzaren arazoari” buruzko “ezinegona” azaldu zien Urdiaingo Gazte Asanbladak (UGA) urdindarrei apirilean. UGAko kideek azaldu zutenez, “geroz eta aukera gutxiago gelditzen zaizkigu herrian bizitzeko”. Gazteek etxebizitzaren inguruan hainbat arazo identifikatu zituztela jakinarazi zieten urdindarrei: “gero eta etxebizitza huts gehiago daude, eta ez dira merkatura ateratzen (saltzeko edo alokatzeko); merkatuan daudenak oso prezio altua dute; hutsik dauden etxebizitzen zati handiena eraikin zaharrak dira, oso handiak, saltzen ez diren heinean geroz eta zaharragoak dira; erdigunea husten doa, eta kanpoko aldean eraikitzen da; ez dago alokairurako aukerarik…”

UGAko kideen iritziz, “arazo horiek guztiak urteek aurrera egin ahala handituz joango dira, gure atzetik heldu direnek gure ezinegon berak izanen dituztelako urte gutxiren baitan”. Konponbidearen parte Nasuvinsa izan daitekeela aipatu badute ere, UGAkoek urdiaindarri esan diete haiek direla “konponbidearen parte oso garrantzitsu bat, baita aipatutako etxebizitza huts horien jabeak ere, eta arazo erreal horren inguruan hausnartzera gonbidatzen zaituztegu”. Gazte Asanbladako gazteek Urdiainen bizi nahi dutela adierazi dute.