Txirrindularitza

Bi lasterketa Urdiainen: eskolak eta kadeteak

Guaixe 2021ko uzt. 2a, 09:30
Kadeteen lasterketa, Urdiainen. Argazkia: Artxiboa.

Larunbat arratsaldean eskola mailako lasterketak jokatuko dira, eta asteazkenean kadeteen III. Urdiain Saria, 56 kilometroko proba

Asteburu honetan ziren ospatzekoak Urdiaingo festak. Festa ofizialik ez dago, baina festetan antolatu ohi diren bi txirrindularitza lasterketei eustea erabaki du Burunda Txirrindularitza Taldeak. Horrela, larunbat arratsaldean eskola mailako lasterketak eta ginkana probak jokatuko dira, eta, asteazkenean, uztailaren 7an, kadeteen mailako III. Urdiain Saria jokatuko da. 

Kadeteen lasterketa arratsaldeko 17:30ean abiatuko da Urdiaingo plazatik, eta txirrindulariek 56 km osatu beharko dituzte. Lehenik eta behin Etxarri Aranatzeraino iritsiko dira, buelta hartu eta Ziordiraino heltzeko. Ziordian buelta hartu, eta atzera ere Etxarri Aranatz izango dute helburu. Etxarrira helduta, buelta hartu eta Olaztiraino helduko da tropela, Altamira portua igo, jaitsi eta Urdiaingo helmugara heltzeko.