Punto y hora de Euskal Herria 1976. urtean argitaratzen hasi zen ezker abertzaleari lotutako astekari bat zen. Politika gaiak lantzen zituen gehien bat, gaztelaniaz eta euskaraz. 1979. urtean Iruñeko bulegoa itxi behar izan zuten, eta aldizkariaren bigarren garaia Donostian hasi zuten. Axun Razkin Razkin duela 45 bat urte Lakuntzatik Urdiainera bizitzera joan zen, eta Punto y hora de Euskal Herria aldizkarian harpidetu zen. Etxean jasotzen zuen, eta iristen ziren aldizkariak gordetzen hasi zen. "Pena ematen dit eta noizbait berriz begiratzeko. Gauzaren arabera, jakina. Geroz eta gehiago botatzen dut". Punto y hora garai horietan "berezia" zela esan du, "lehengo egoera ongi islatzen zuen", eta "desagertzea" pena ematen zion. Horregatik gordetzen zituen.
Aldizkari politikoa ez da gorde izan duen bakarra: GUAIXE aldizkaria 0. zenbakitik, Zeruko Argia, Goiz Argi eta Eginek argitaratutako 2000 hiztegia. Urdiaingo eta Lakuntzako festetako egitarauak gorde ditu ere, baita Aiaupenanik 1990ko hamarkadetako lehenengo urtetan Lakuntzan argitaratutako aldizkariko zenbait ale gorde ditu ere. Elizan banatutako orriak eta kanten letra baten bat badago ere bilduman. "Holako albiste interesgarriak ateratzen zirenean edo gertuko pertsonak agertzen zirenean Egunkariako artikuluak moztu eta gordetzen nituen ere".
Apala
40 urtez armairuko apal batean gordetzen zituen aleak. Ez ditu altxor bat bezala gorde, baina "zerbait berezia" zen, eta bertan ikustea "ilusioa" ematen zion. Askotan botatzea pentsatzen zuen, baina azkenean ez zuen egiten. Orain arte. "Beste batzuek beste gauza batzuk gordetzen dituzte, eta nik hori". Guztira, 100 baino gehiago aldizkari, publikazio, festetako egitarau eta eliz orri ditu: Punto y hora de Euskal Herria aldizkariaren 70 bat ale, GUAIXE aldizkariaren 50 bat ale, 1976. urriaren 3ko Zeruko Argia, 1976 urteko Goiz Argi ale bat, Aiaupenanik Lakuntzako aldizkariaren sei ale, Urdiaingo festetako dozena bat egitarau, baita Lakuntzako festetako pare bat ere. "Den dena ez nuen gordetzen. Ikusi nuenean goraka zihoala utzi nuen". GUAIXE gordetzen hasi zen ere eta aldizkari formatua zuenean gorde izan zuen, "egunkari formatua izan zuen arte". Sakanako "gauzak" zirelako gordetzen hasi zen, baita jende ezaguna ateratzen zelako ere.
Razkinek gorde duen Urdiaingo festetako programa zaharrena 1984. urtekoa da. Ondorengoak berriagoak dira, gehienak 2000. lehenengo hamarkadakoak. Aldizkariekin alderatuta, ez ditu egitarau asko gordetzen, "dozena bat inguru". "Argazkiengatik gorde ditut. Gehien bat jende helduaren argazkiak ateratzen dira". Oroitzapen politak gordetzen dira egitarau horietan ere, "lehengo egunean ikusten egon nintzen eta egitarau batean agertzen zirenak dagoeneko hil dira". Urteekin egitarauak "ez dira aldatu", baina sanpedrokoen eta andramauztuko festa txikien artean desberdintasunak ikusten ditu: "San Pedrokoa beti eleganteagoa da. Abuztukoa bi egun izan ohi dira, eta txikiagoa da. Orri batean sartzen da". Egitarauak etxean uzten dituzte eta noizbait baten bat ez bazuen jasotzen, "ez dut ondoren bilatu. Ez bada iritsi, ez da ezer gertatzen".
Gorde
"Ez dut horrelakoak gordetzen dituen inor ezagutzen. Bakarren batek agian esan dit gordeta duela ale jakin bat, baina hainbeste nik bezala, ez". Gordetzeko zaletasuna txikitatik datorrela azaldu du Razkinek. "Gure etxera La Gaceta del Norte delakoa iristen zen. Ez dakit nola edo zergatik, baina etxez etxe banatzen zuten eta gurera ekartzen zuten. Nire amak gordetzeko ohitura zeukan". Ale horiek, aldiz, desagertu dira, "ez genuen ezer egin". Gazte zenean ohitura berdina hartu zuen, "gogoratzen naiz zerbait interesgarria aurkitzen nuenean gordetzen nuela, eta noizean behin begirada bat botatzen nion". Begiradatxoak luzatu egiten zirela aitortu du Razkinek, izan ere, ikusteko asko zeukan.
Memoria lantzeko ariketa ona da gordetako aldizkariak berrikustea, baita gertuko historia ezagutzeko ere. Aldizkariak begiratu izan dituenean, aldiz, Razkinek ez du ezer berezirik sentitu. Garaiak aldatu direla. "Lehen modu batean bizitzen zen eta orain beste batera. Ezin dut esan ez hobe ez okerrago".
Garaiak aldatu diren bezala, hedabideak ere aldatu dira. Esaterako, Punto y hora de Euskal Herria aldizkariak lantzen zituzten erreportajeak eta gaiak gaur egun ez dira inon aurkitzen. GUAIXEren kasuan ere "lehen herritako euskaran egiten zen eta gustatzen zitzaidan irakurtzea". Sakanako herri bakoitzeko gauzak pubikatzen ziren, Satrustegik idazten zuen eta orain lekua "murriztu" dela esan du Razkinek, baina, bestela, ez du aldaketa handirik sumatu. Gainera, gordetako gauzen artean ez du ezer "berezi" gogoratzen. Egunkari formatukoak ez ditu gorde aldizkari formatukoak, "gordetzeko errazagoak dira eta argazkien eta aldizkariaren kalitatea hobea da".
Garbiketa
"Hainbeste eta hainbeste gorde, garbiketa egiten duzuenean galdetzen diozula zeuri buruari: eta hau zertarako nahi dut". Arroparekin gertatzen den bezala, Razkinek aipatu duenez, aldizkari bildumarekin antzeko gertatu zaio. "Gorde eta gorde, bat-batean bota behar duzula bururatzen zaizula". Dena gordetzearena "lehengo mentalitatetik" datorrela esan du. "Gordetzeko grina hori, baina gero ez duzu gordetakoa behar".
Garbiketa egiteko garaia heldu zela erabaki zuen Razkinek. Alde batetik, "pena" ematen zion. Baina "hor zeuden hautsa hartzen". Bota behar zituen, "baina Diario de Noticiasen asteburutan datorren On aldizkarian jartzen zuen horrelako publikazioak izatekotan ez botatzeko, haiek bilatzera etorriko zirela". EuskoDok Dokumentu eta Bibliografien kontserbaziorako elkartearen iragarki bat zen, eta Razkinek deitu zuen. Orain, Urdiainen gordetako aldizkari eta publikazio horiek artxibategian gordeko dituzte. "Punto y hora aldizkari nahiko zituztela esan zidaten, baina festetako egitarauak eta elizako orriak, esaterako, oso interesgarriak zirela esan zidaten". Kasu askotan, publikazio horien azkenengoetariko aleak izan daitezke. Eta Urdiainen gordeak zeuden.
Razkinek ez du bere burua bildumazale bezala ikusten, izan ere, ez du beste ezer bildu edo gorde. Baina garbiketa egiten hasi dela, "konturatzen zara 45 urtetan zenbat gauza gordetzen diren…". Aldizkariek "leku handia" utziko dute armairuko apalean, baina ez ditu faltan botako. Agian, pixka bat.
Aldizkariak eta publikazioak |
|