Txirrindularitza

III. Urdiain Sariko mendiko saria Mikel Regilendako

Guaixe 2021ko uzt. 8a, 13:00

Atzo Urdiainen jokatutako kadeteen mailako lasterketa esprintean erabaki zen eta Gama-Muruzabal taldeko Nikol Gorostieta izan zen irabazlea. Top-Tenean bi sakandar sailkatu ziren Aritz Oiarbide bederatzigarren izan zen eta Mikel Regil hamargarren

Burunda Txirrindularitza Klubak antolatuta, atzo kadeteen mailako III. Urdiain Saria jokatu zen, 56 kilometroko proba, tartean Altamirako igoera hartzen zuena. Lasterketa oso gorabeheratsua izan zen eta hasieratik mugimendu handiak izan zirenez, azkenean zatikatu egin zen tropela. 12 txirrindulariz osatutako taldea iritsi zen batera helmugara eta esprintean Gama-Muruzabal taldeko Nikol Gorostieta izan zen azkarrena (1:28:05), Gorka Corresen (Suministros Zadorra) eta Javier Elustondoren (Gama-Muruzabal) aurretik. Lehen sakandarra Sakana Group-Aralar taldeko Aritz Oiarbide izan zen, bederatzigarren postuan, eta bigarrena Quesos Albeniz-Burunda taldeko Mikel Regil altsasuarra, hamargarrenpostuan. Hain zuzen ere Mikel Regil izan zen Altamiratik lehena pasa zena, eta horri esker, Urdiain Sariko mendiko sailkapena irabazi zuen. 

Emakumezkoetan, Andoaingo Txirrindularitza eskolako Izaro Zuriarrain gailendu zen (1:34:08) eta talde onena Gama-Muruzabal-Erro y Eugi izan zen. Quesos Albeniz laguarren postuan sailkatu zen, eta Sakana Group-Aralar 5. postuan. Tartekako helmugen sailkapena Guzman Greccok (Suministros Zadorra) irabazi zuen. 

Guztira 84 txirrindularik lortu zuten III. Urdiain Sarian klasifikatzea. Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Iker Agudelo (Quesos Albeniz) 16. sartu zen, Manex Zufiaurre (Sakana Group) 27., Adrian Martinez (Sakana Group) 53., Iker Gomez (Quesos Albeniz) 54., Asier Etxeberria (Quesos Albeniz) 55., Hegoi Lakuntza (Quesos Albeniz) 56., Iker Begiristain (Quesos Albeniz) 68., Ion Aierbe (Quesos Albeniz) 71., Pablo Senosiain (Quesos Albeniz) 76., eta Ion Lizarraga (Sakana Group) 81.