Aitziber elkartearenak dira Urdiaingo izen bereko igerilekuak. Paraje ikusgarrian daude, Urriztin, eta San Pedro eta Intxusburutik gertu, toki apartan. Igerilekuen kudeaketa emateko enkantea deitzen du urtero Aitziber elkarteak, eta aurten ere hala egin zuen. “Aitziber elkarteko juntako kide batek aipatu zigun inor ez zela enkantera aurkeztu, eta jende bila zebiltzala. Guri igerilekuen kudeaketa eskaini zigun, eta, gehiegi pentsatu gabe, aukera aprobetxatu eta baiezkoa erantzun genion” azaldu dute Beñat Zelaiak eta Tasio Merchanek, irribarrez. Haiekin batera, Jokin Bereziartuk eta Asier Arrizabalagak kudeatzen dituzte igerilekuak. “Laurak ari ginen udako lana bilatzen, soldatatxoren bat ateratzeko, eta animatu ginen” gaineratu dute. Aurretik ostalaritzan ibiliak dira.
Erronka ederra
Lauretatik hiru ikasleak dira, eta bestea langabe zegoen. Udan ikasleendako eta gazteendako lan egokiak izaten dira halakoak, ostalaritzari eta aisialdiari lotutakoak, baina aurten, COVID19aren kontuarekin ostalaritza ez dago bere unerik gozoenean. “Pandemia dela eta, ez dago festarik, udan sortzen zen giro berezi hori ere ez da berbera, eta ostalaritzan ez dago aukera handirik. Udalekuetan monitore izateko aukera ere nahikotxo jaitsi da. Ondorioz, ikasleek eta langabetuek udan lan egiteko aukerak asko murriztu dira, eta panorama ez da erraza. Eta datorrenarekin…” diote lau gazteek. Horregatik, ilusioz hartu dute Urdiaingo igerilekuen kudeaketa. “Lanaz aparte, guretzat erronka bat bezalakoa da” nabarmendu dute.
Urdiaingo igerilekuetako taberna ekainaren 25ean ireki zuten, eta abuztu bukaerara arte ariko dira lanean. “Gure ardura da igerilekuak kudeatzea: sarrerak kobratzea (Urdiaingo Aitziber elkarteari ematen zaio sarrerengatik kobratutakoa), taberna kudeatzea, eta igerilekuetako instalazioak garbitzea: aldagelak eta igerilekuak garbitu, araztegia pasa, eta mantenu lanak egin. Egunero egin behar ditugu garbiketa lanak, eta esan beharra dago igerilekuetako sorosleek sarritan laguntzen digutela” azaldu dute. Sorosleak elkarteak kontratatzen ditu.
Esan bezala, sarreragatik ordaindutakoa Aitziber elkartearendako da. “Prezioak Aitziber elkarteak jartzen ditu. Igerilekuetan, elkarteak sarreren salmentatik eta enkantetik ateratzen du dirua, baina guk enkantean parte hartu ez dugunez, ez dugu dirurik jarri. Guk ateratzen duguna tabernako kudeaketatik ateratzen dugu” zehaztu dute.
Aurreko urteetan egindako lana hartu dute erreferentziatzat. “Igerilekuak hartzeko proposamena egin zigun juntako kideak ere aurretik igerilekuak hartu izan ditu, eta berak asko lagundu digu. Afari batera gonbidatu beharko dugu (kar, kar...)” diote. Asteburuetan laurak egoten dira lanean, lan dezente egoten delako, eta astean zehar txandak egiten dituzte: bi goizetan eta beste biak arratsaldeetan egoten dira. Baina eguraldiak baldintzatzen du guztia. “Eguraldi ona badugu lan dezente dugu, eta txarra badago, beste lan batzuk egiteko aprobetxatzen dugu: pizzak aurreratu, eskalopeak egin eta sukaldearen atzean dagoen lan hori guztia” gaineratu dute.
Sukaldea, apustua
Sukaldeari arreta berezia jarri diote. “Sukaldea da gure apusturik sendoena. Bazkari eta afari onak ematea erabaki dugu, ez daitezela eskasak izan. Sukaldetik dirua ateratzea, finean. Egunero, eguerdian eta arratsaldean, karta eskaintzen dugu: plater konbinatuak, katxopoa, arrazioak, bokatak... Eta, asteburuetan, larunbatean eta igandean, bazkaltzeko orduan menua eskaintzen dugu” diote. Estalpean, eta igerilekuen barruan eta kanpoan dauden terrazetan ematen dituzte bazkariak, toki ederrean. “Momentuz laurak moldatzen gara. Egunen bat nahiko gogorra izan dugu, jende asko aldi berean zegoelako, baina jendeak ulertzen du eta lana aurrera atera dugu. Gainera, esan digute oso ongi ematen dugula, jendea oso pozik dagoela, eta, jakina, gu ere bai” nabarmendu dute. Beste eskaintza berezi bat dute. “Ostegunetan kuboa eskaintzen dugu. Kuboan 5 garagardo sartzen ditugu, 7,50 euroan, eta harrera ona du. Ostegunetan jendea etortzen da, giroa sortzen da, eta afariak ematen dira” gaineratu dute. Kontzertuak eta halakoak antolatzeko asmoa dute. “Tasiok talde berri bat du, eta orain modan daudenez, ekarri beharko ditugu” diote, irribarrez.
Urdiaindarrak dira igerilekuetako bezero nagusiak, baina laurak altsasuarrak izanik, Altsasuko jende asko gerturatzen zaie. “Lagunak, familia eta ezagunen artean bakarrik… asko datoz. Gainera, katxopoaren kontu horrekin arreta deitu dugu, eta katxopoa probatu nahi dutela esanez datorkigu jendea” aipatu dute. Asteburuetan jende gehiago egoten da, asko Gipuzkoatik, bereziki Goierritik etorritakoak; asko nabaritzen omen da.
Jendeak pandemiagatik bete beharreko neurriak errespetatzen dituela aipatu dute. Urdiaingo igerilekuetako berdegunean %100eko aforoa dago baimendua (600 pertsona), eta igerilekuetan, barruan, %60, 100 pertsona baino gehiago. Beraz ez dago joan den urteko espazio arazorik, eta ongi moldatzen ari dira.
Paradisu urdiaindarra
Urdiaingo igerilekuak Urriztin daude, paraje ikusgarrian, eta hori alde du laukoteak. “Leku zoragarria da: Intxusburu ondoan, bi harri puska eder ditugu parean eta mendi berde eder polit bat. Igerilekuan zaudela halako haitzak, mendia eta paisaia ikustea ikusgarria da. Gu altsasuarrak gara, baina aitortu beharra dago Altsasuko igerilekuek Urdiaingoen ondoan ez dutela ezer egiterik. Bero handia egiten duenean oso gustura egoten da; hemen Altsasun baino 3 gradu gutxiago daude beti eta itzaleko guneak daude”.