Jolasetik giza eskubideetara iristeko

Guaixe 2021ko abe. 27a, 08:53
Urdiaingo liburutegian egindako 'Eskubideen basoa'.

Urdiaingo liburutegiak abenduaren 29an, 18:00etan, haurrei zuzendutako ‘Bakearen eta bizikidetzaren aldeko liburutegiak’ programako euskarazko tailerra hartuko du.

Liburutegira joanen diren haurrek elkarrekin misio bat bete beharko dute. Horretarako, probak gainditu eta pistak argitu beharko dituzte. Horretan datza asteazkean Urdiaingo liburutegiak hartuko duen Eskubide osoa dut tailerra. Haren bidez haurrak Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalera hurbilduko dira. Historian zehar eta gaur egun giza eskubideen defentsan diharduten hainbat kontinentetako erreferentziazko gizarte mugimendu eta pertsonak ezagutzeko aukera izanen duten jokoaren bidez. Bakeola fundación EDEk dinamizatutako du eta bi orduko iraupena du tailerrak.

Urdiainen ez da arrotza "Bakearen eta bizikidetzaren aldeko liburutegiak" programa. Haren baitan  lau tailer daude eta udan Esku irekiak, hau eskubide bat da! tailerra izan zen Urdiainen, 5 eta 8 urte arteko haurrei zuzenduta. Orduan Inma Gurreak, Izaskun Mujikak eta Marisa Serranok dinamizatu zuten saioa, ahozko narrazioa eta jarduera praktiko, sortzaile eta artistikoa uztartu zuena. Hainbat ipuinen bidez, bi kontzeptu landu zituzten: eskubideen unibertsaltasuna eta eskubide orok dakarren betebeharra. Ahozko narrazioaren ondoren Eskubideen basoa egin zuten. Haren emaitza hainbat esku irekiko basoa izan zen, eskubideak pertsona guztien artean eta pertsona guztionak direla gogorarazten duena. Emaitza liburutegian dago ikusgai. 

Nafarroako Gobernuko Liburutegi Zerbitzuak eta Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzuak elkarlanean sustatzen dute Bakearen eta bizikidetzaren aldeko liburutegiak programa. Eguberrietan lau tailerren 27 saio antolatu ditu Nafarroako 20 liburutegitan, 5 eta 16 urte arteko haur eta nerabeendako eskaintza. Proposamena bat dator Garapen Iraunkorreko Helburuen 2030 Agendaren ekintza estrategiarekin, zehazki honako helburuekin: pobreziaren akabera, zero gosea, osasuna eta ongizatea, kalitatezko hezkuntza, desberdintasunen murrizketa eta bakea, justizia eta erakunde sendoak.